Iker Markinezek haragi gisatua oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Gisaturako: Lonjako haragia, 500 g Patata handiak, hiru Tipula bat Azenario bat Baratxuri aleak, hiru Ardo beltza, baso erdi bat Gatza Oliba olioa Piper hauts beltza Piperradarako: Bi piper gorri Bi piper berde Bi tipula Kuskusa, bi katilu txiki
Lehenik, erosi dugun haragia karratuetan moztuko dugu. Oliba-olio txorrotada batekin erregosten hasiko gara, lapiko batean. Su bizian izango dugu bost bat minutuz, haragi guztia ongi gorritu arte. Orduan gehituko diogu tipula, puska txikietan. Jaitsi sua, eta eduki horrela hamar bat minutuz, bi osagaiak ongi goxatzeko.
Ondoren, gehitu baso erdi bat ardo beltz, eta bizitu sua. Irakiten eduki bost bat minutuz, alkohola lurrundu dadin. Urez ongi estali, gehitu gatza eta piper hauts beltza, eta utzi egosten 30 minutuz.
Egosten ari den bitartean, zuritu patata eta azenarioak. Patatak puskatan moztu, eta azenarioa, berriz, karratutxoetan. Haragia ordu erdiz erregosi ondoren, gehitu patata eta azenarioak haragia dagoen lapikora, eta erregosi beste 30 minutuz. Oraingoan, eduki su motelean.
Bitartean, piperrada prestatuko dugu. Horretarako, moztu piper gorria, berdea eta tipula juliana moduan. Hori bai, eman lodiera pixka bat. Erregosi guztia 30 minutuz su motelean, oliba olio eta gatz pitin batekin.
Kuskusa prestatzeko, bete kuskusez bi katilu txiki, eta hustu erretilu edo ontzi handiago batera. Hustu ondoren, bete urez bi katilu txiki horiek, eta ur hori irakiten jarri lapiko batean. Bota gatz pixka bat urari, eta oliba olio txorrotada txiki bat ere bai. Irakiten hastean, bota ura kuskusa dagoen erretiluan, eta ongi estali film paperarekin. Horrela utzi bost-hamar minutuz.
Platereratzeko, kokatu kuskusa plateraren erdian, menditxo baten formarekin, zabaldu piperrada aldamenean, eta atera haragi gisatua beste aldean.