Elikadura. Errezeta

Bakailao konfitatua, basmati arrozarekin eta ziazerbekin

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Iker Markinez -

2013ko abenduak 21
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Kilo bat bakailao gezatu.

200 gramo basmati arroz.

Ziazerba sorta bat.

Tipulin bat.

3 baratxuri ale.

Oliba olio birjina.

Gatza.

Piper hauts gorria.

Errezeta honetarako, bakailaoa konfitatu egin behar dugu. Horretarako, lau takotan moztu bakailaoa. Lapiko estu eta altu batean 250 zentilitro oliba olio ipini, eta sutan berotzen jarri.

Gehitu lapikora baratxuri aleak, xaflatan moztuak. Baratxuriak dantzan hastean, plater batera atera, eta bakailaoa lapikoan sartu, azala gora begira duela. Ahalik eta su motelenean jarri, eta zortzi bat minutuz eduki. Sua itzali, eta bakailaoa bertan utzi.

Beste lapiko bat urez bete erdira arte, eta tipulin xehetua gehitu, gatz pitin batekin. Irakiten jarri, eta, bost minutu pasatu ondoren, basmati arroza gehitu. Kontuan hartu uraren proportzioa, gutxi gorabehera, arroz kantitatearen bikoitza baino pixka bat gehixeago dela.

Hamabost bat minutu pasatzean, lapikora bota ziazerba hostoak txikituta, lapikoa tapaz estali, eta berehala sua itzali. Bost minutuz goxatzen utzi, lapikoari tapa kendu gabe. Platera puntuan ateratzeko, bi pauso horiek batera egitea komeni da; hau da, arroza egosten dugun bitartean, bakailaoa konfitatzea.

Plater bakoitzean ipini basmati arroza eta pare bat koilarakada ziazerba, eta gainean bakailao pusketa bat. Piper hauts gorriaz aberastu, eta bakailaoa konfitatu dugun lapikotik, koilarakada bat oliba olio zabaldu platerean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna