Onddoz beteriko kiribil kurruskatsua, kuia kremarekin

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Kremarentzako

300 g kuia

Oliba olioa

2 baratxuri ale

Tipulina

Esne gain basokada bat

Gatza

Kiribilentzat

200 g onddo

Oliba olioa

Gurin koilarakada bat

Tipulina

3 koilarakada irin

Litro erdi esne

Gatza

Piper hauts beltza

8 brik orri

Krema prestatzeko, lapiko batean oliba olio zorrotada bat bota; eta berotutakoan, tipula eta baratxuri aleak puska handietan gehitu. 10 minutuz erregosi ondoren, kuia ere azala kenduta eta puska handietan moztuta bota bertara. Urez estali, baina juxtuan, pasatu gabe eta ondoren esne gain basokada ere gehitu.

Guztia su bizian irakin ondoren, irabiagailutik pasa, gatz pitin bat bota eta gorde.

Kiribilak prestatzeko, lehenik onddoak garbitu eta pusketa txikietan moztu. Bitartean, lapiko zabal batean oliba olio zorrotada jarri, eta tipulina pusketa txikietan moztuta bertan jarri; 10 minutuz erregosi. Jarraian, onddoak gehitu, eta beste 10 minutuz erregosi. Gatz pitin bat eta piper hauts beltza ere gehitu.

Ondoren, gurin koilarakada gehitu, eta hiru koilarakada irin ere bai. Dena ongi nahastu, eta litro erdi esnea pixkanaka gehituz joango gara. Nahastu eta saltsa krematsu bat lortuko dugu. 10 minutuz irakin ondoren, prest izango dugu krema. Hozten utzi beharra dago, ordea, brik kiribilak errazago betetzeko.

Brik orriak hartu eta, taloak balira bezala, erdian onddo krema koilarakada pare bat jarri, eta buelta pare bat emanez kiribil itxuran bildu, Horrela zortzi kiribilak bete arte.

Labea berotzen jarri, eta 180 gradutan bost minutuz mantendu, berotu eta gorritu daitezen. Jarraian mahaira ateratzeko prest daude; horretarako, kuia krema pixka batez busti ditzakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.