Elikadura. Errezeta

Kremaz beteriko krepeak

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Iker Markinez -

2013ko otsailak 23
OSAGAIAK

Kremarentzako osagaiak :

8 arrautza.

225 gramo azukre.

100 gramo irin.

Litro bat baserriko esne.

Banilla-makila zatitxo bat.



Krepeak egiteko osagaiak:

6 arrautza.

200 gramo irin.

75 gramo gurin.

50 gramo azukre.

Litro erdi esne.

Krema prestatzen hasiko gara lehenik. Lapiko batean esnea berotzen jarri, banilla makilatxoarekin batera, eta bitartean, arrautzen gorringoak ontzi batean jarri. Azukrea ontzira nahastu, eta bost minutuz etengabe irabiatu.

Ondoren, irina gehitu, eta kontu handiz nahastu. Berotutako esnearen erdia ontzira bota, eta ondo nahastu. Lapikoan gelditu zaigun esnea irakin artean berotu, eta banilla makilatxoa kendu; ondoren, ontzian duguna lapikora irauli. Bost minutuz irakiten eduki, etengabe nahastuz, eta gero, hozten utzi.

Krepeak egiteko, ontzi batean ondorengo osagai hauek nahastuko ditugu: arrautzak osorik, 50 gramo azukre eta 200 gramo irin; dena ongi irabiatu. Gero, esnea gehitu, eta nahastu. Zartagin ertain batera 75 gramo gurin bota, eta urtzean, aurreko ontzira nahastu.

Ondoren, zartagin bera berotzen jarri, eta beroa dagoenean, bertara kazokada bat krepe masa bota; zartagia alde batetik bestera suabe mugituz, masa zartagin guztira zabaldu. Segundo gutxi batzuen ostean, buelta eman, eta segidan, plater batera atera. Gainontzeko masarekin gauza bera egin.

Orain, krepe guztiak krema koilarakada batez bete, eta erditik moztu. Labeko erretiluan jarri, eta labean pare bat minutuz berotu ondoren, mahaira zerbitzatu. Nahi baduzue, karamelu saltsa batez busti, eta ukitu gozoagoa lortuko duzue.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna