Zainzuri freskoak udaberriko zizekin

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

20 zainzuri.

Zizak (200 gramo).

Esne gaina(Sagardo basokada bat).

Piperbeltz hautsa.

Gatza.

Oliba olio birjina.

Azukrea(Kafe goilarakada bat).

Zainzuriak ipurdi aldean zentimetro inguru moztu, eta ondoren goitik behera zurituko ditugu. Kontuan hartu punta aldea ez dela behin ere zuritu behar.

Lapiko handi bat urez bete eta gatza bota; azukre pitin bat ere bai. Irakiten hastean zainzuriak gehitu, eta ordu laurden batez irakin; zainzurien lodieraren arabera, beharbada denbora gehixeago eduki beharko dugu. Ondoren sua itzali, eta zainzuriak bertan utzi.

Lapiko handi bat hartu eta bertan oliba olio zorrotada bat bota; udaberriko zizak gehitu, aurrez eskuz garbitu eta birrinduta. Minutu pare batez erregosi, eta ondoren piperbeltz hautsa eta gatza gehitu, eta segidan esne gain basokada gehitu. Lau bat minutu pasa ondoren, krema saltsa bat lortuko dugu zizen zapore guztiarekin.

Zainzuriak uretatik atera, erditik moztu eta zuztar aldeak kremara gehitu.

Plater bakoitzean ziza eta zainzuri krema pixka bat jarri, eta zainzurien puntak plateraren inguruan kokatu, argazkian ikusten den modura. On egin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.