Elikadura. Errezeta

Ogi opilak

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Iker Markinez -

2011ko abenduak 3
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Kilo erdi irin.

30 gramo legamia fresko.

Litro laurden ur.

Gatza.

Irina mahaiaren gainean jarri eta mendi baten itxura emanez bildu, erdian zulo bat utzita.

Legamia freskoa ur epel pittin batekin nahastu edalontzi batean, baita gatza ere, gutxi gora behera kafe koilarakada bat.

Gero, irinaren erdian egin dugun zulora bota. Litro laurden ur poliki-poliki zulora bota, eta inguruko irina bertako urarekin nahastu poliki. Guztia ondo nahastu, masa borobila egin arte.

Mahaia garbitu, eta bertan beste irin pixka bat zabaldu. Masa borobila bertan jarri, eta ondo landu aurrera eta atzera masaren testura leuna izan arte. Masa zortzi bat zatitan banatu, eta bakoitzari nahi diogun forma eman: opil luzeak, opil borobilak, eta abar.

Laberako erretilu batean ipini, eta traputxo batez denak estali. Ordu eta erdi batez utzi. Denbora horretan, legamiak bere lana egin, eta masa erabat harrotuko zaigu.

Aurrez berotu labea, eta bertan sartu opilak, 190 gradutan hamabost bat minutuz. Distira berezia eman nahi izanez gero, labean sartu aurretik, arrautza irabiatuz opilaren goialdea busti. Bestalde, opilen masa gustuko osagaiekin nahastu daiteke: intxaurrak, mahaspasak, txorizoa edo hirugiharra, oliba beltz puskak...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna