Elikadura. Errezeta

Atun mendrezka plantxan tomate eta otarrainxkekin

JON URBE / ARGAZKI PRESS

Iker Markinez -

2012ko martxoak 17
OSAGAIAK

4 pertsonarentzat:

Atun mendrezka.

Entsaladako 3 tomate heldu.

Dozena bat otarrainxka.

Tipulina.

4 ale baratxuri.

Perrexil sorta.

Gatza.

Oliba olio birjina.

Sagardo ozpina.

Arraindegian mendrezka erosterakoan, lau xerra ateratzeko eskatuko dugu, hezurrak eta azala kenduta.

Lehenik, otarrainxkei azala eta burua kendu. Zartagin batean, tipulina zati txikietan erregosten ipini. 10 bat minutuz erregosi ondoren, otarrainxken azal eta buruak gehitu, eta, pare bat minutura, basokada bat ur gehitu. Beste 10 minutuz irakin, eta iragazi azal eta buruak ondo zapalduz. Lortzen dugun salda gorde.

Lapiko batean ura irakiten ipini. Bitartean, tomateei bihotza kendu, eta ura irakiten hastean lapikora bota. Minutu bat pasatzean atera, eta ur hotzetan freskatu. Jarraian, tomateari azala eta haziak kendu. Ondoren, tomateen mami guztia labanaren laguntzaz zati txikietan moztu eta gorde.

Zartagin batean oliba olio zorrotada bat bota, berotzen den bitartean baratxuri aleak txikitu, eta zartaginera bota. Gorritzen hastean tomateen mamia gehitu, eta pare bat minutuz su bizian erregosi. Ondoren otarrainxken salda gehitu, eta su ertainean irakin, beste 15 bat minutuz. Tomate saltsa zaporetsua lortuko dugu.

Zartagin bat sutan berotu inongo oliorik gabe, mendrezkak berak nahiko koipe baitauka. Ondo beroa dagoenean, mendrezka xerrak ipini, gatz pitin bat bota, eta hiru bat minutuz bere koipetan frijitu. Buelta eman, eta beste gatz pitin bat bota. Ondoren, otarrainxkak zartaginera gehitu, eta guztia beste hiru bat minutuz frijitu. Azkenik, erretilu batera atera, eta gehitu tomate saltsa, bakoitzaren gustura , perrexil txikituarekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna