Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna

GIBdunen estigma eta bazterketa desagerraraztera deitu dute

Aurten bete dira 40 urte lehen kasuak agertu zirenetik. GIB positibo diren bi pertsonarekin izan da BERRIA: Joseba Errekalderi eta Josu Unanueri.

Paulo Ostolaza - BerriaTB
2021eko azaroaren 30a
12:35
Entzun

Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Nafarroako Gobernuko Osasun Saila eta GIBaren aurka aritzen diren erakundeak elkartu egin dira gaur, Iruñean. Carlos Artundo Osasun zuzendariak esan du gaur egun hiesarekin lotutako diskriminazioa desagerraraztea dela helburua, eta horregatik GIB birusa dutenenganako estigma eta bazterketa jarrerak aldatzera deitu du.

Prebentzioan ere jarri du azpimarra gaur Nafarroako Gobernuak. Hori pertsona bakoitzaren esku dagoela esan du, baina gaineratu du inguru osasuntsuak ere sortu behar direla. GIB birusaren ez hedatzeko, ezinbestekotzat jo du bizimodu desberdinak toleratzeko giro bat izatea. Nafarroan, aurten, urtarriletik ekainera, hamazazpi pertsonari antzeman zaie GIBa. 40 urte hauetan, 2.212 pertsonari detektatu zaie, eta 619 hil dira hiesak jota.

Lau hamarkada

Duela lau hamarraldi hasi zen ofizialki hiesaren pandemia, 1981ean. Gaur egun pandemia hitza ia erabat koronabirusarekin lotzen dugun arren, hiesarenak ere milaka lagun hil ditu Euskal Herrian: 1984tik 1996ra, lehen olatuan, 2.528 lagun hil zituen denera Hego Euskal Herrian. Gainera, oraingoan ez bezala, gazteak ziren gehienak. 1996tik aurrera heldu ziren birusaren aurka egiteko botika eraginkorrak.

Gaitz horren aurkako borroka oraindik bizirik dagoela gogoratzeko eguna da gaur (1988tik ospatzen da, Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita). Izan ere, urtero atzematen dira positibo berriak, eta osasun publikoko arazo bat da oraindik ere: Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 134 kasu positibo diagnostikatu zituzten iaz Hego Euskal Herrian.

Horregatik, gaur, GIB positibo diren bi pertsonari eman nahi izan die hitza BERRIAk: Joseba Errekalderi eta Josu Unanueri. 1990eko hamarkadan jakin zuten seropositibo zirela, eta ordutik hona bizi izandakoak kontatu dituzte BERRIAk osatutako bideoan.

40. urteurrena aitzakiatzat hartuta, hiesaren gaia sakon landu zuen BERRIAk joan den igandean, hainbat erreportajeren eta elkarrizketaren bidez. Daniel Zulaika sendagilearen arabera, adibidez, 1981. urtearen aurretik Euskal Herrian baziren zerbait ezohikoaren zantzuak hainbat paziente gazterengan. 1979ko uda du gogoan, Errenteriako madalenen osteko egun eta asteak. «Ordura arte liburuetan bakarrik ikusten genituen gauzak ikusten hasi ginen». Hala jaso zuten Arantxa Iraolak eta Gorka Berasategi Otamendik hiesaren historiaren inguruko erreportajean.

Koronabirusarekin gertatu den moduan, GIB birusak ere galdera ugari sorrarazi zituen komunitate zientifikoan. 40 urteko ibilbidearen ostean, ordea, galdera gehienei erantzuna ematea lortu du zientziak. Ohikoenetako batzuk bildu zituen Ion Orzaizek.

Berasategik Quarraisha Abdool Karim epidemiologoarekin (Tongaat, Hegoafrika, 1960) ere jardun zuen gaiaz. Haren iritziz, gizadiak «askotariko epidemiei» aurre egiteko prestatu behar du, eta nabarmendu zuen GIBaren eta COVID-19aren aurkako borrokak ezin direla gainditu desberdinkeriari aurre egin gabe.

GIBarekin bizitzen

Iraolak, berriz, GIBarekin bizi diren Josu Imanol Unanuerekin, Udiarraga Garciarekin eta Joseba Errekalderekin hitz egin zuen. Diagnostiko batek guztiz markatu zuen haien bizitza, eta ia osorik eman dute GIB birusa dutenen eskubideen aldeko ekintzailetzan. Hirurentzat, 80ko urteetan hasi zen bizitzaren zati hori, izurria agertu zenean, bortitz: aski gazteak ziren orduan.

GIBa, ordea, ez da iraganeko kontua. Zein da egoera gaur egun? Igandeko BERRIAk argi utzi zuen moduan, urtero atzematen dira positibo berriak. Infektatuek, gainera, badituzte aparteko arazoak; gizartean nor izateko bidean sortuak dira gehienak: GIB sozialak eragindakoak.

Gaitza dutenen diskriminazioa aztertu du Paulina Ramirez Carvajal Zuzenbideko lizentziadunak, eta doktore tesia amaitzear dago: «Egiaztatu behar dugu GIBa dutenak ez direla bidean geratzen», azaldu zuen.

Eta munduan? Nola dago hiesa? BERRIAk bildu zituen gakoak: GIBa duela 40 urte agertu zenetik, 79,3 milioi lagun infektatu dira, eta 36,3 milioi hil dira hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.