Bihartik beharko da ziurtagiria gaueko aisialdi guneetan eta jatetxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du «ziurtagiria erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea» duela helburu Eusko Jaurlaritzak: besteak beste, ospitalera edo zahar etxeetara bisitan joateko, gimnasioetan eta kirola egiten den beste leku itxietan, eta ostalaritzako beste esparru batzuetan.

Labi aholku batzordearen bilera, gaur. RAUL BOGAJO, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko abenduaren 3a
15:04
Entzun

Bihar sartuko da indarrean COVID-19 ziurtagiriaren erabilera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaueko aisialdi guneetan eta jatetxeetan, Eusko Jaurlaritzak eskatu bezala. Iñigo Urkullu lehendakariak, ordea, «erabili ahal den espazio guztietara» hedatu nahi dutela jakinarazi du gaur arratsaldean, ezarri berri duten osasun larrialdia dela-eta Labi aholku batzordeak egindako lehen bileran. Urkulluk zehaztu du asmoa dutela besteal beste toki itxi guztietan eskatzeko, batik bat publikoa zutik badago, EAEko Auzitegi Nagusiari egin zion eskaeran jasotako lekuetan exijitzeaz gainera. Era berean, gimnasioetan eta kirol jardueraren bat egiten den beste espazio batzuetan ere eskatuko dute, eta ostalaritzako beste esparru batzuetan. Azkenik, ospitalera edo zahar etxeetara bisitan joateko ere exijitu nahi dutela adierazi du.

Gaur sartu da indarrean osasun larrialdia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aldizkari ofizialean ziurtagiria erabiltzeko agindua bihar argitaratzen denetik exijituko zaie herritarrei Eusko Jaurlaritzak horretarako baimena eskatu zuen tokietan: aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukerak eskaintzen dituzten lekuetan, hala nola dantzalekuetan, musika ikuskizunak dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere bai, 22:00etatik aurrera.

Jatetxeei ere eragingo die neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari (577koa zen atzo EAEn). Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea, eta paperean edo formatu digitalean aurkezteko aukera egongo da.

Ikusi gehiago: Espainiako Auzitegi Gorenak argitaratu du ziurtagiriaren aldeko ebazpena

EAEko Auzitegi Nagusiari aurkeztutako eskaeran jasota ez dauden lekuetan ziurtagiriaren erabilera exijitzeko, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu beharko du berriro, eta asmo hori iragarri du Urkulluk gaur. «Erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea da gure helburua, herritarrak txertatzeko eta arriskutik babesteko», esan du, eta azpimarratu du Europako beste herrialde batzuetan indarrean dela.

«Larrialdi egoera hau desberdina da aurrekoen aldean, eta hartu beharreko neurriak ere desberdinak izango dira», gaineratu du Urkulluk. Azaldu du txertoa eta oinarrizko prebentzio neurriak direla oraintxe eraginkorrenak, baina beste neurri batzuk ere ezarriko dituztela, adituek hala aholkatzen badute. Neurrien berri eman aurretik, egoera epidemiologikoa zein den laburtu du. Goizean azpimarratu du pandemia indarrean datorrela berriro, eta eskatu du datozen egunetan (jaiegunak dira Hego Euskal Herrian), ospakizunik ez egiteko, ahalik eta gutxien bidaiatzeko edo seguru bidaiatzeko, ez pilatzeko, eta une oro, barruan nahiz kanpoaldean, maskara erabiltzeko.

Sagarduik koordinatuko du Labi

Aldaketak ekarri ditu arratsaldean Labiren bilerak, eta ez soilik koronabirusaren kontrako neurriei dagokienez. Eusko Jaurlaritzak goizean jakinarazi duenez, Jonan Fernandez ez da batzorde horretan egongo, eta Gotzone Sagarduik hartu du haren lekukoa koordinatzaile lanetan. Aurreko Labin, Fernandez izan zen batzordearen ordezkari nagusia, baina urrian, osasun larrialdia amaitzean, utzi egin zuen zeregin hori, eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendari lanetan jardun da harrezkero.

Sagarduirekin batera, hauek osatzen dute Labi aholku batzordea: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Josu Erkoreka lehendakariordeak, Olatz Garamendi (Gobernantza Publikoa eta Autogobernua), Iñaki Arriola (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa), Jokin Bildarratz (Hezkuntza), Javier Hurtado (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa) eta Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza Politika) sailburuek eta Jose Luis Quintasek (Osasun sailburuordea).

Osakidetza ordezkatuz, Maria Rosa Perez zuzendari nagusia dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere badaude: Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano. Eta, haiekin batera, hiru hiriburuetako alkateak: Gorka Urtaran, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia. Azkenik, Espainiako Gobernuko ordezkaria egongo da: Denis Itxaso.

Pandemiaren aurkako legea oinarri

Gaur sartu da indarrean Iñigo Urkullu lehendakariak sinatu duen osasun larrialdia, buletin ofizialean argitaratuta. COVID-19aren seigarren olatuari aurre egiteaz arduratuko da Labi taldea. Testuak argudiatzen du aurtengo ekainaren 24ko 2/2021 Legearen laugarren artikuluaren arabera adierazle epidemiologikoek ahalbidetzen dutela osasun larrialdia ezartzea.

Datuak ez dira onak. Txertoa jarri duten herritarren kopurua handia izanagatik, ospitaleratze datuak, pixkanaka bada ere, gora ari dira egiten. Positiboak areagotzearen ondorioz, Hego Euskal Herriko ospitaleetako azken datuen arabera, 349 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arengatik. Eta ZIUetan 69 gaixo daude; duela bi aste baino %86 gehiago, eta orain dela astebete baino %44 gehiago.

Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri gehien-gehienak eremu gorrian daude. Hain zuzen, 197 herri —astelehenean baino hogei gehiago— daude 150 kasuren intzidentzia gainditzen duten herrien zerrenda horretan: Bizkaian 90 daude; Gipuzkoan, 76; eta Araban, 31.

Ikusi gehiago:intzidentziaren mapa, herriz herri

Datu horiek oinarri hartuta, Urkulluren aginduak dio osasun sistema garai erabakigarri batean dagoela eta horregatik gomendagarria dela osasun larrialdia ezartzea pandemiari aurre egiteko. Lehendakariak agindua sinatu ostean, Josu Erkoreka lehendakariordeak Labi Babes Zibileko Plana abiatu zuen atzo, eta bilerara deitu zuen gaurko.

Osasun larrialdia den bitartean, lehendakariak izango du larrialdi jardueren aginte bakarra, Espainiak alarma egoera izendatzen badu agintari delegatu gisara dagozkion ardurei uko egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.