EUSKAL PRESOAK

Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Iglesias presoa absolbitu du, Estrasburgoko doktrina aplikatuta

Magistratuek ebatzi dute Iglesiasen inkomunikazioa eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egiteko ezintasuna oinarritu zela «arrazoitze orokorretan eta ez auziaren balorazio indibidual eta partikularretan». Estrasburgok urtarrilean ebatzi zuen Xabier Atristainen inkomunikazio aldian bere eskubideak urratu zituztela. Bigarren epaia da Atristainen auziko jurisprudentzia baliatuz euskal preso bat absolbitzen dutela. Epaia irmoa da joan den astelehenetik.

Iglesias, aurtengo martxoan, Auzitegi Nazionalean. EMILIO NARANJO / EFE
jon olano
2022ko maiatzaren 13a
10:12
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur goizean jakinarazi du Juan Carlos Iglesias Chouzas euskal presoa absolbitu duela 1991ko hilketa batetik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Xabier Atristainen auziarekin sortutako jurisprudentzia baliatuta. Epaian, Auzitegi Nazionaleko Bigarren Sekzioko magistratuek gogora ekarri dute Estrasburgok urtarrilean emandako epaiaren edukia: alegia, Atristainen kasuan, inkomunikazio aldian abokatu bat izendatzeko eskubidea murriztu zitzaiola horretarako beharrezko motiborik eman gabe, eta eskubide murrizketa hori oinarritu zela «arrazoitze orokorretan eta ez auziaren balorazio indibidual eta partikularretan».

Auzitegi Nazionaleko magistratuen hitzetan, Estrasburgoko auzitegiak ebatzi du Giza Eskubideen Europako Itunaren 6.1 eta 6.3 artikuluak urratu ote diren argitzeko aztertu beharra dagoela ea ezinbesteko arrazoirik egon ote den konfiantzazko abokatua izendatzeko eskubidea murrizteko. Orain Auzitegi Nazionalak emandako epaian, magistratuek diote Iglesiasen auzian ez direla jasotzen «deklarazioak hartu ziren baldintzen nahikoa erregistro, ezta horiekin batera zekarren berme sistemarena ere».

Epaileen arabera, «inkomunikatuta egon zirela froga nahikoa dago, baina ez dago ez ebazpen judizialik, ezta inkomunikazioa luzatzeko aginduetan jasotako arrazoibide juridikoei buruzko aipamen nahikorik ere». Are gehiago, azaldu dute prozeduran ez dagoela «aipamenik ere deklarazioak zein baldintzatan eman diren baloratu ahal izateko ezinbesteko diren beste alderdi batzuen erreferentziarik», eta adibide gisa jarri dituzte auzitegiko espediente medikoak , «zeinak, oso zehatz batzuk izan ezik, ez diren sumarioan islatzen». Hiru epailek osatu dute epaimahaia: Jose Antonio Mora Alarconek, Jose Ricardo de Pradak eta Maria Teresa Garcia Quesadak. De Prada izan da txostena idatzi duena.

Ikusi gehiago: Inkomunikazioa, «eskubideak edozein kontroletik kanpo murrizteko espazio objektiboa»

Beraz, magistratuek ondorioztatu dute ez dutela nahikoa arrazoirik jakiteko zergatik eduki zuten Iglesias inkomunikatuta atxiloaldian, «beren konfiantzazko abokatuak defendatzeko aukerarik izan gabe, eta haiekin komunikatu ahal izan gabe; ez galdeketan, ez lehenago, ezta ondoren ere.

1991ko urtarrilean ETAk Bilbon hildako guardia zibil baten hilketarengatik epaitu zuten Iglesias martxoan, eta 40 urteko zigorra eskatu zuten harentzat. Beste zigor batzuk betetzen ari da Dueñasko kartzelan, Euskal Herritik 310 kilometrora.

Sententziak beste elementu garrantzitsu bat dakar: lekukoen testigantzen balorazioa. Epaileen arabera, Raul Angel Fuentes, Jon Mirena San Pedro, Jesus Maria Mendinueta eta Jose Manuel Fernandez de Nanclaresen lekukotzetatik soilik erabil daiteke epaiketan esandakoa, eta horiek ezin dira «aurretiazko beste sumarioko froga batzuekin osatu, [lekukotza horiek] ez direlako lortu nahikoa bermerekin».

Atristainen auziko jurisprudentzia baliatuz emandako bigarren sententzia da oraingoa. Martxoan, Auzitegi Nazionalak Gorka Palacios euskal presoa absolbitu zuen. Orduan ere, De Prada izan zen txostengilea. Bi atxilotuk torturapean jo zuten erruduntzat Palacios, eta, auzitegiak dekretatu zuenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia berriaren arabera, deklarazio horiek ez dira kontuan hartu behar. Ondorioz, Palaciosen aurkako frogarik ez dagoela adierazi zuen auzitegiak, eta errugabetzat jo zuen. Fiskaltzak 316 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Palaciosentzat, ETAk 2001ean Madrilen egindako atentatu batengatik.

Inkomunikazioa jomugan

Espainiak Atristainen eskubideak urratu zituela eta prozesu «justu eta ekitatezko bat» izatea eragotzi ziotela ebatzi zuen urtarrilean Estrasburgoko auzitegiak. Hala, presoa otsailaren 17an irten zen Martuteneko espetxetik (Gipuzkoa). Espainiako Estatuko abokatuak helegitea jarri zuen, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegiak joan den astelehenean jakinarazi zuen ez zuela helegitea onartu, eta, beraz, epaia irmoa da harrezkero.

Inkomunikazio aldiaren ondoren torturak salatu zituen Atristainek. Besteak beste, azaldu zuen poltsa «askotan» egin ziotela, konortea galdu arte, bi aldiz botaka egin zuela, goma aparrarekin biltzen zutela, eta horren guztiaren ondorioz takikardiak izateagatik botika bat eman ziotela. Tortura psikologikoak ere salatu zituen: bigarren deklarazioan esan zuen, adibidez, neska laguna atxilotzeko mehatxua egin ziotela. ETAko kide izatea leporatuta zegoen preso.

Estrasburgoko auzitegiaren arabera, hain zuzen, Espainiak Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6.1 eta 3c artikuluak hautsi zituen: lehena, epaiketa justu bat eta ekitatezkoa izatea bermatzen dituena; bigarrena, defentsa eskubideari eta abokatua libreki aukeratzeari dagokiona.

Asteazkenean, Zigor Reizabal Atristainen abokatuak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak sententziaren balorazioa egin zuten Donostian, eta urratutako eskubideak «erreparatzeko» eskatu zioten Espainiako Gobernuari, hala Atristainen kasuan nola «milaka euskal herritarren» kasuan ere. Erreparazio horrek eskatzen du, Rodriguezen hitzetan, espetxean direnak «berehala kalean» izatea: «Espetxean daude modu injustuan, eskubideak urratu zitzaizkielako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.