Iker Markinezek lekaleak aukeratu ditu aste honetako errezetarako: babarrun zuriak.
Babarrun zuriak, 500 g Tipula, 1 Azenarioa, 1 Kuiatxoa, 1 Piper gorria, 1 Lekak, 100 g Almejak, 500 g Oliba olioa Gatza Perrexila Baratxuria Txakolina, baso erdi bat
Lurreko lekalea da gaurkoan protagonista, itsasoko kutixiekin batera, plater goxo bat egiteko aukera emango diguna: babarrun zuria. Lehen ere aipatu izan dut, itsasoa eta mendialdea uztartzen dituzten plater asko dauzkagula inguruko herrialdeetako sukaldeetan. Asturiasen eta Katalunian, esate baterako, oso ezagunak dira halakoak.
Lehen urratsa babarrunak prestatzea izango da. Babarrun mota asko ditugu, baina gaurkoan arrocina motakoa erabiliko dugu. Ale oso txikia du gordinik dagoenean. Hortik datorkio izena: arroz aleekin konparatzen baitute. Kaxolan, Narbaxa herrikoa erabiltzen dugu, arabarra.
Ez daukagu zertan egun osoan uretan jarri, gauetik goizera jarrita nahikoa da. Beraz, behin beratu ondoren, beratzeko erabilitako ura kendu eta ur berriarekin jarri lapikoan. Sutan jarri irakiten, eta irakin arte mantendu. Orduantxe sortzen duen aparra kendu.
Bitartean, barazkiak prestatuko ditugu. Garbitu eta karratu txikietan moztu. Barazki guztiak moztu, baratxuria izan ezik. Barazkiak babarrunen lapikora gehitu, eta oliba olio txorrotada bat bota. Gatzik ez diogu oraindik botako, bukaera arte itxarongo dugu. Lekaleak egiteko garaian, kontuan eduki gatza hasieratik botaz gero askoz ere errazago puskatuko dela egostean. Ordubete inguru mantendu irakiten, eta, ondoren, gatz pittin bat bota. Babarruna ondo egosita badago, sua itzali eta bertan utzi.
Orain, almejekin hasiko gara. Horretarako, baratxuria oso ondo txikitu eta zartagin batean jarri oliba olio txorrotada batekin. Sutan berotzen jarri, eta baratxuriak dantzan hastean direnean, almejak gehitu. Jarraian, baso erdi txakolin gehitu. Taparekin estali. Sortuko den lurrinaren bitartez, almejak minutu batean irekiko dira. Perrexil xehatua bota, eta guztia babarrunak ditugun lapikora gehitu. Zerbitzatu aurretik, berriro berotu bost bat minutuz. Hotza egiten hasi den egun hauetan, gustura jango dugun plater goxoa da. Animatu prestatzera.




