Tagliatelleak Bolognako erara

Tagliatelleak Bolognako erara. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iker Markinez.
2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek Italiako pasta errezeta ezagun bat aukeratu du aste honetarako: tagliatelleak Bolognako erara.

Tagliatelleak, 400 g

Txekor haragi xehatua, 350 g

Tipula handia, 1

Azenarioak, 2

Baratxuri aleak, 2

Etxeko tomate saltsa

Gatza

Ardo beltza, basoerdi bat

Piperrauts beltza

Oliba olio birjina

Idiazabalgo gazta
Testuingurua

Gaurko prestatu dugun platerari geure ukitua emango diogun arren, jakingo duzuen bezala, pasta eta saltsa bera oso ezagunak dira Italia iparraldean. Prestatuko dugun saltsa pastarekin jatea ohikoa den arren, lasagna eta pizza egiteko ere erabil dezakegu. Beraz, aukera asko emango dizkigu saltsa mota honek.

 

1. urratsa

Plater honetarako aukeratu dugun saltsa aurreko egunean prestatzea komeni da, aurreratzeko. Guk dena egun berean egingo dugu, ordea. Hasteko, barazkiak prestatuko ditugu. Horretarako, tipula puska txikietan moztuko dugu, eta azenarioa eta baratxuri aleak ere bai. Guztiak zartagin batean jarri, eta oliba olio txorrotada bat gehitu. Sutan berotzen jarri, su ertainean, eta gatz pittin bat gehitu. eduki sutan tapa jarrita, erregosten, hogei bat minutuz. Tarteka, nahastu.

2. urratsa

Denbora hori igarotakoan, tapa kendu eta sua pixka bat bizitu. Indarra hartzen duenean, gehitu txekor haragi xehatua. Beste gatz pittin bat bota, eta piperrauts beltza ere bai. Sua bizi mantendu, eta ondo nahastu dena, haragia barazkiekin batera egin dadin. Behin haragia ondo eginda dugunean, su biziari eutsita, gehitu baso erdi ardoa. Hiru bat minutu taparik gabe egosten eduki, alkohol soberakina lurrundu arte. Orduan, tomate saltsa gehituko diogu. Guk etxean egindakoa erabiliko dugu horretarako. Sua moteldu, eta osagai guztiak hogei bat minutuz egosten utzi, saltsa ongi goxatu dadin.

 

3. urratsa

Bete urez lapiko handi bat, eta gatza gehitu. Jarri sutan, irakin arte. Irakiten hastean, eta ez lehenago, tagliatelleak bota, eta egosi. Normalean, pastaren zorroan bertan dago adierazita zenbat denbora egosi behar den. Denbora hori pasatzen denean, pasta egosteko erabili dugun uraren kazolakada bat gorde edalontzi batean, eta gainontzekoa ongi iragazi.

Pasta egosia lapiko berera itzuliko dugu, eta zartaginean prestatu dugun saltsa gehituko diogu. Sua oraindik piztu gabe, ondo nahastu. Bologna erara egindako saltsa lodi samar dagoela iruditzen bazaigu, tomate gehiago bota beharrean, basoan gorde dugun ura gehituko diogu, pixkanaka.

Jarraian, zerbitzatu pasta plateretan, oraindik beroa egongo baita. Azkenik, gure ukitua emateko, Idiazabal gazta birrindu eta pastaren gainean botako dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA