Halibut xerrak barazki kremarekin

Halibut xerrak barazki kremarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iker Markinez.
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek arrain zuria aukeratu du gaurko errezetarako: halibuta.

Halibut xerrak, 4
Etxeko tomate saltsa
Pipermorroa, 1
Tipula, 1
Lekak, sorta bat
Gurina
Irina
Esnea
Gatza
Piperrauts beltza
Oliba olioa
Testuingurua

Arrain zuria da gaurko errezetako osagai nagusia: halibuta. Guretzat ezagunak diren arrain batzuen familiakoa da, mihi arrainarena, erreboiloarena, itsas oilarrarena eta halakoena, baina, era berean, nahiko ezezaguna ere bai. Normalean, halibuta xerra izoztuetan aurki dezakegu gure arraindegietan, Atlantikoan arrantzatzen baitute. Izoztuak daudenez, oso aproposak dira anisakisarekin dauden arazoak saihesteko, edo alergiaren bat dutenentzako. Haragi samurra du, eta, koipe gutxi duen arren, oso testura atsegina du.

1. urratsa

Lehenengo, tipula zurituko dugu. Puska txikietan moztu, eta lapiko zabal batean jarri erregosten, oliba-olio txorrotada batekin eta gatz pitin batekin, taparekin estali gabe. Pipermorroei haziak kendu, eta lau zatitan moztu. Hori ere tipularekin batera jarri erregosten, ordu erdiz, su ertainean.

2. urratsa

Ondoren, etxeko tomate saltsa gehitu: pare bat burruntzalikada. Mantendu bost bat minutuz, eta, guztia apur bat loditzen denean, halibut xerrak jarri bertan; gatz pitin bat gehitu, eta pare bat minutuz irakiten eduki. Sua itzali. Lapikoak duen berotasunarekin, xerrak finak direnez, arraina segituan kozinatuko da.

3. urratsa

Lekak egosi: txortena kendu, eta tira luzetan moztu. Ondoren, karratu txikietan moztu. Lapiko batean ura jarri, gatza bota, eta, irakiten hasten denean, lekak sartu eta hamabost bat minutuz egosi. Atera, eta ur hotzetan jarri; iragazi. 

4. urratsa

Jarraian, bexamel saltsa prestatuko dugu. Beste lapiko batean, goilarakada pare bat gurin gehitu, eta su motelean jarri. Gurina urtzen denean, pare bat goilarakada irin gehitu. Guztia ondo nahastu. Pare bat minutuz egosi, eta basokada bat esne gehitu; piperrauts beltza eta gatz pitin bat ere bai. Espatula baten laguntzaz, dena nahastu eta irakiten eduki, bexamela lortu arte. Krematsua dagoenean, egositako lekak gehitu.

5. urratsa

Zerbitzatzeko: halibut xerra bat ipini platerean, tomate saltsarekin eta barazkiekin batera. Lekekin eta bexamelarekin estali. Arrainari sekulako indarra emango diote barazkiek eta bexamelak. On egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA