Estres termikoa, gizarte arrakalen anplifikadore

Beroak gorputzari bere tenperatura behar bezala erregulatzea zailtzen dionean agertzen da estres termikoa. Naia Ormaza ikertzaileak ohartarazi du klima larrialdiak arazoa areagotuko duela, eta gizatalde kalteberenei eragingo diela gehien.

Munduko mapa bat, 2050ean estres termikoko egun arriskutsuak islatzen dituena. NAIA ORMAZA
Munduko mapa bat, 2050ean estres termikoko egun arriskutsuak islatzen dituena. NAIA ORMAZA
Haize Oiartzabal
2026ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Telefonoaren tenperatura handiegia da». Seguruenik, bati baino gehiagori agertu zaio abisu hori pantailan, sakelako telefonoa eguzkitan uzteagatik, edo hainbat aplikazio aldi berean martxan edukitzeagatik. Gehiegi berotuz gero, funtzio batzuk eten egiten ditu, gailua hoztu arte. Giza gorputzak, ordea, ez dauka itzaltzeko botoirik, eta kanpoko baldintzek beroa kanporatzen uzten ez diotenean, estres termikoa pairatzen du. Naia Ormaza (Bermeo, Bizkaia, 1998) Better Planet laborategiko ikertzaileak urriaren 21ean Bilboko Bidebarrieta liburutegian egin zuen hitzaldian argi utzi zuen beroak ez dituela pertsona guztiak berdin itotzen.

Ormazaren arabera, giza gorputza «oso sentikorra» da, eta tenperatura 37 gradutan mantendu behar du. «Makina termiko bat» da, ordea, eta energia bero forman sortzen du: zenbat eta gehiago berotu, orduan eta gehiago kanporatu behar du. Horretarako, zenbait mekanismo ditu: hala nola erradiazioa, konbekzioa eta izerditzea. Baina tenperatura handiek bide horiek oztopa ditzakete, eta estres termikoa bultzatu. Dena den, hori neurtzeko, «etxeko termometroa ez da nahikoa»: «Fidagarriena WBGT indizea da, beste faktore fisiko batzuk konbinatzen baititu».

Batetik, eguzki erradiazio zuzenena kalkulatzen du. «Bilbon egon beharrean Etiopiako hiriburuan bagaude, hau da, bi mila metrotik gora, erradiazioa handiagoa izango da». Bertzetik, hezetasuna ere neurtzen du. Uda honetako egunik beroenean Bilbon 42 gradu egin zituen, eta Dakhako egun normal batean, berriz, 34 gradu. Baina hezetasuna kontuan hartuta, Ormazaren aburuz, «gomendagarriagoa» da Bilbo, estres termikoaren indizea baxuagoa baita. 

(ID_16556753) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2026-10-21, Bilbo. Hitzaldia, estres termikoari buruz, Naia Ormaza zientzialaria
Naia Ormaza Bilboko Bidebarrieta liburutegian, urriaren 21ean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Gorputzaren aktibitate mailak ere eragiten du sortzen duen beroan. «Eserita bagaude, ehun watt sortzen ditugu, eta, oinez hasiko bagina, hirurehun», erran du Ormazak. Faktore guztiak batuz gero, «bero kolpe bat» jasateko arriskua dago. Alabaina, ez dago muturreraino ailegatu beharrik organismoan kalteak hautematen hasteko: «Ikertzaile batzuek ikusi dute nekazariek giltzurrunean kalte kronikoak jasaten dituztela deshidratazioak eragindako estres termikoarengatik». 

Nekazariak gizatalde gisa ikertu izana ez da kasualitatea, talderik «zaurgarrienetakoa» baita. Ormazak Coloradon (AEB) egin zuen doktoretza; ondorengo ikerkuntza, berriz, Vancouverren (Kanada), eta nekazariek jasaten duten estres termikoa ikertu zuen. 2000ko datuak erreferentzia gisa hartuta, ondorioztatu zuen urte hartan munduan 359 milioi nekazarik estres termikoa jasan zutela gutxienez ehun egunetan.

2050erako, berriz, baliteke datu hori «ia bikoiztea». Hori aintzat hartuta, litekeena da «estres termikoak 663 milioi nekazariri eragitea 2050ean». Gaur egun, nekazari anitzek goizaldean edo iluntzean egiten dute lan, ordu beroenetan ez aritzeko. Bada, Ormazak ohartarazi du mende erdirako «ihesbide hori itxi» eginen dela zenbait lekutan: «Tropikoko eta kostaldeko eremuetan gau tropikalak nagusituko dira, eta gorputzak ez du gauez ere hoztea lortuko».

Estres termikorik ba ote dagoen esateko, WBGT indizeak 28 gradu markatu behar du gutxienez, eta hori «oso ezohikoa» da Euskal Herrian. 2050erako, ordea, halako egun arriskutsuek goiti eginen dute; Erriberan (Nafarroa), erraterako, urtean «lauzpabortz» izanen dira. Baina kasurik deigarriena, beharbada, Ipar Euskal Herria da: Zuberoan, 3,6 egun; Nafarroa Beherean, 6,2; eta Lapurdin, 6,9. Bizkaiko golkotik datorren haize hezeari egotzi dio hori Ormazak: «Landetako kostaldea laua denez, aire hori barrualdera sartzen da, eta ukitzen duen guztia berotzen du».

Euskal Herriko nekazarien adina ere kontuan hartzekoa da: «Batez beste 58 urte dituzte, eta laurdenak baino gehiagok 65etik gorakoak». Adina «arrisku handiko» faktorea da, «termoerregulatzeko ahalmenak behera» egiten baitu. Haurrek, berriz, gaitasun hori garatu gabe dute. Hortaz, Ormazaren iritziz, gizatalde zaurgarria dira; «eskolara oinez doazenak», bereziki: «Herrialde askotan haurrek egunean pare bat ordu pasatu behar dute eguzkipean oinez».

Gehien ibili behar dutenak, gainera, txiroenak izan ohi dira. Izan ere, Ormazaren hitzetan, estres termikoa ez da ondorio hutsa,  «gizarte arrakalen anplifikadore bat» baizik. Era berean, behartsuenek isurtzen dute CO2 gutxien: «Munduko %10 aberatsenek berotegi gasen erdiak isurtzen dituzte. Txiroenek, berriz —munduko biztanleen erdiek—, isurien %12».

«Munduko %10 aberatsenek berotegi gasen erdiak isurtzen dituzte. Txiroenek, berriz —munduko biztaleen erdiek—, isurien %12»

NAIA ORMAZA Better Planet laborategiko ikerlaria

Paradoxikoki, txiroenek pairatzen dituzte gehien ondorioak, eta Ormazak uste du Nepalen gertaturikoa adibide argigarria dela. Munduko berotegi gas emisioen %0,1 baino gutxiago isurtzen du, baina, ikertzailearen erranetan, klima larrialdiaren «ondorio gogorrenetako bat» jasan zuen abuztuaren 26an. 

Nepalgo Gobernuak 4.220 milioi euroko konpentsazioa eskatu zion berehala Nazio Batuen Erakundeari. Bada, NBEk hondamendia gertatu eta bi hilabetera onartu du milioi batzuk ematea. «Ez du zentzurik giza azpiegiturez, armez eta logistika militarraz ordu gutxitan hornitzeko gaitasuna duen mundu batek ezin lortu ahal izatea laguntza humanitarioa herrialde zaurgarrienetara garaiz helaraztea», gaitzetsi du. 

Gisa horretako laguntzak «mailegu» gisa bidali ohi dira, eta Ormazak ez du begi onez ikusten horrela jokatzea: «Ezin da pobrezian dauden herrialdeak are gehiago zorpetu, haiek ez baitira erantzule nagusiak». Kontrara, uste du historian zehar kutsadurarik handiena sortu eta gehien kutsatu duten herrialdeek «erantzukizuna hartu» beharko luketela: «Justizia klimatikoa behar da, datozen urteetan Nepal gehiago etorriko baitira».

Etorkizunean zer gerta litekeen jakiteko, baina, beharrezkoa da eredu klimatikoei begiratzea. Ormazak esplikatu du halako tresnak diziplinarteko mahai batek sortzen dituela: «NBEko klima taldean, esaterako, klimatologo eta fisikariez gain, ekonomialariak, demografoak, soziologoak eta politika publikoetako adituak daude, eta etorkizun posibleak irudikatzen dituzte, gizarteak isuriko duen kutsaduraren arabera». 

«Orain arte hartu ditugun erabakiak hartzen jarraituko bagenu, mende amaierarako 2,7 gradu igoko litzateke tenperatura»

NAIA ORMAZA Better Planet laborategiko ikertzailea

2100. urterako, hiru egoera posible irudikatu dituzte. Lehen agertokian, planetaren tenperatura batez bertze 1,8 gradu goitituko litzateke, baina, Ormazaren aburuz, «utopikoegia» da. 4,4 graduko igoera, berriz, «distopikoa» da: «Hala, orain arte hartu ditugun erabakiak hartzen jarraituko bagenu, mende amaierarako 2,7 gradu igoko litzateke tenperatura». Batzuei huskeria iruditu arren, «muturreko gertakarien maiztasuna areagotuko» luke horrek: «Gaur egun urtean egun batzuetan bakarrik gainditzen diren arrisku mugek hilabete batzuetan iraungo lukete».

NBEk joan den astean jada aitortu zuen 1,5 graduren langa gaindituko dela. «Partida ez da amaitu», ordea. Ormazak «gradu hamarren bakoitza borrokatzearen» garrantzia nabarmendu du, eta besoak gurutzatuta gelditzea «pribilegio bat» dela gogorarazi: «Aire girotua, itzala eta garraio pribatua ditugunean, erraza da, baina Hegoalde Globalak zuzenean pairatuko ditu ondorioak».

Iparralde Globalekoa da Ormaza; Busturialdekoa (Bizkaia), zehazki, eta gertutik bizi izan du Guggenheim museoa Urdaibain (Bizkaia) egiteko egitasmoak sortutako polemika: «Herritarrek behin eta berriz argi utzi zuten proiektuak ez zuela haien nahia islatzen. Ikusi da benetan ukitzen gaituzten proiektuei aurre egin eta prest gaudela guztiok batera agertzeko».

Egokitu, baina nola?

Estres termikoa apaltzeko estrategietako bat egokitzapena da, baina Ormazak gogorarazi du aire girotuaren moduko «adabakiek» ez dutela balio. «Desberdintasuna areagotu» eta «ziklo zital bat» sortzen baitute: «Energia eskaria izugarri handitzen da, eta, erregai fosiletatik badator, isuriak aregotu egiten dira, eta planeta gehiago berotzen da».

Hortaz, «hirigintza bioklimatikoa» bultzatu behar delakoan dago. Euskal Herriko hiriguneetan, adibidez, «itzalgune eta berdegune gehiago» egin beharko lirateke, eta etxebizitzen eta eraikin publikoen «aireztapena eta isolamendua hobetu». Halaber, funtsezkoa iruditzen zaio «eskola garraio publiko duina» paratzea, eta, beharrezkoa denean, «klaseak goizago» amaitzea. Azkenik, araudiak «aire zabalean lan egiten dutenen geldialdiak bermatu» beharko lituzke estres termikoa jasateko arrisku egunetan.

Ikerlariak erran duenez, horretarako, erakundeek «epe laburrean etekin ekonomikoak izatea lehenesteari» utzi behar diotela: «Urdaibain eta halako eremu babestu batean proiektu masibo bat bultzatu nahi izateak erakusten du ez dugula oraindik erabat barneratua krisi ekologikoaren larritasuna».

Arazoa: isuriak

Ormazaren arabera, egokitzapen teknikak «oso beharrezkoak» dira, baina auziari «errotik heldu» behar zaio: «Arazoa isuriak dira, eta horien atzean gure ekoizpen eta kontsumo eredua dago». Egin beharrekoa hiru ardatzetan laburbildu du. Lehenik, «bertako eta sasoiko elikadura» sustatzeaz gain, haragi «kontsumo neurrigabea» murriztea proposatu du: «Abereek nekazaritza lurren %77 okupatzen dute, eta behar ditugun kaloria guztien %18 baino ez digute ematen».

Bigarrenik, «justizia klimatikoaren» alde egin du Ormazak: «Krisiaren erantzule historikoek funts publikoa bideratu behar dute». Azkenik, Ormazak uste du «erregai fosiletatik aldendu», eta «energia berriztagarrietan oinarritu» behar dela. Hala ere, energia berriztagarriak ez dira panazea: «Auto elektrikoetarako litioa erauzteak, adibidez, izugarrizko kalteak eragiten ditu. Beraz, ezin dugu kontsumoa orain arte bezala mantendu». Bertzela, planetak berotzen segituko du, eta, telefonoak ez bezala, ez dauka itzaltzeko botoirik. Erregai fosilen sua itzali, eta kontzientziak piztea bakarrik gelditzen da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA