Iker Markinezek flanaren errezeta prestatu du aste honetan.
Zortzi arrautza Litro bat esne (baserrikoa bada, hobe) Azukrea, 200 g Karamelua egiteko 200 g azukre Banilla makilatxo erdia
Gaurko aukeratutako postrea erraza bezain autentikoa da. Flan bat eskuetan duenean, nori ez zaio etortzen gogora txikitako oroitzapenen bat? Benetan merezi du flana etxean egitea, seme-alabak errezeta honetan laguntzaile lanetan jartzea eta denok familian gozatzea.
Lehenik eta behin, karamelua prestatuko dugu. Horretarako, zartagin zabal batean 200 gramo azukre ipini eta sutan berotzen jarri; su baxuan hastea komeni da, kolpetik karamelua erre ez dadin. Noizbehinka pixka bat nahastuz joan. Karamelua lortutakoan, flanaren ontzi hutsetan banatuko dugu. Nahikoa izango da ontzi bakoitzaren behealdea pixka bat estaltzea. Gutxi gorabehera, 8-10 ontzirentzako nahikoa izango da 200 gramo azukre berotzea.
Lapiko batean esnea berotzen jarri, banilla makilatxoarekin. Makilatxoa erditik puskatuta jarriz gero, hobe, zapore handiagoa izango du-eta horrela. Azukrea ere bota. Irakiten hasten denean, sua itzali eta banilla makilatxoak kendu.
Lehenik eta behin, ontzi batera bost arrautza osorik bota. Ondoren, gainontzeko hiru arrautzen gorringoa bakarrik bota. Zuringoak beste egunen batean erabili nahi baditugu bakarrik gorde; bestela, bota. Dena ondo irabiatu, eta berotutako esnearen ontzira bota.
Labea berotzen jarri, 150 graduan. Berotu bitartean, labeko erretilu batean flan ontziak jarri, bata bestearen ondoan. Flan ontzi horiek arrautza eta esne nahasketarekin bete. Jarraian, labeko erretiluan ur beroa jarri, gutxi gorabehera flan ontzien erdira iritsi arte. Ur beroak egosteko denbora pixka bat azkarragoa izan dadin lagunduko digu. Guztira, 35-40 minutu eduki labean.
Denbora tarte hori pasatu ondoren, labana baten punta flanaren ontzi batean sartu, eta, ateratzean labana garbi badago, prest egongo da. Bestela, beste bost bat minutu eduki labe beroan. Azkenik, labetik atera eta epeltzen utzi. Pixka bat epeldutakoan, jateko prest egongo dira flanak.
Flanen bat hozkailuan beste egun baterako gorde nahi badugu, film paperarekin ondo estali; hiru bat egunean ondo mantenduko da.
Zerbitzatzeko erraz-erraza da: flana moldetik ateratzeko, labana bat ontziaren ertzetik ondo pasatu, eta plater batean poliki-poliki irauli.




