Barazki lasagna

IKER MARKINEZ.
Iker Markinez.
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT

Ziazerba sorta bat.
Bi tipula.
Kuia txiki bat.
Tomate saltsa.
Litro bat esne.
Lau koilarakada irin.
Behi gazta.
Piperbeltz hautsa.
Gatza.
Oliba olioa.
Pasta xaflak, hamasei.

1. Garbitu eta puska txikietan moztu barazki guztiak. Lapiko batean jarri eta su motelean erregosi, hogei bat minutuan, gatz eta oliba olio pitin batekin. Ondoren, gorde.

2. Bexamela egiteko, bota oliba-olio txorrotada bat lapiko batera, eta baita lau koilarakada irin ere. Ongi nahastu, su ertainean. Gehitu esnea, litro bat gutxi gorabehera. Esnea poliki-poliki gehitu behar da, etengabe nahastuz. Gehitu gatz pitin bat eta piperrautsa. Horrela, bexamela lortuko dugu.

3. Gehitu bexamelari lehen prestatutako barazkiak. Atera guztia lapikotik, eta erretilu batean gorde.

4. Pasta xaflak egosteko, jarri ura lapiko batean, gatza gehitu, eta, ura irakiten hastean, xaflak bertan murgildu. Egosketa denbora, normalean, pasta motaren araberakoa izaten da, baina gutxi gorabehera zortzi bat minutu izango dira. Egosi bezain laster, atera ur hotza duen lapiko batera, egosketa berehala eten dadin. Bestela, oso bigunak geldituko dira.

5. Jarraian, zabaldu lau xafla labeko erretilu batean. Jarri tomate saltsaren pare bat koilarakada pasta xafla bakoitzaren gainean. Gero, ongi zabaldu barazki bexamela tomatearen gainean. Berriz ere beste lau pasta xaflarekin estali, eta aurreko urratsei jarraitu tomatearekin eta bexamelarekin.

6. Azkeneko pasta xaflen gainean bexamel pixka bat zabaldu. Horren gainean, behi gazta birrindu.

7. Labea berotzen jarri 220 gradutan, eta, beroa dagoenean, sartu erretilua. Labean eduki, hamar minutuz. Gazta birrindua bigundu egingo da, eta pastak urre kolorea hartuko du. Atera labetik, eta zerbitzatzeko prest egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.