Barazki panatxe entsalada, urdaiazpiko frijituarekin eta Idiazabalgo gaztarekin

RAUL BOGAJO  / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

OSAGAIAK



4 pertsonarentzako osagaiak:

Lekak, 300 g

Azenarioa, 100 g

Kalabazina, 1

Gari zainzuriak, dozena 1

Urdaiazpikoa, 8 xerra

Idiazabalgo gazta pusketatxoa

Oliba olioa

Baratxuria, 4 ale

Ozpina

Gatza

Barazki guztiak banan-banan ondo garbitu eta zerrendatan moztu, eta erretilu batean jarri, multzoka, nahastu gabe. Lapiko bat urez beteta sutan jarri eta gatz pitin bat bota. Irakiten hastean, lehenik, lekak botako ditugu bertara. Beti su bizitan eduki, eta taparik ez jarri. Hamar minutu igarotzean, azenarioak gehitu. Handik bost minutura, zainzuriak eta kalabazinak, eta beste bost minutu pasa ondoren, barazki guztiak uretatik atera eta ur freskoz beteriko beste ontzi batera pasako ditugu, egosaldia moztu dadin. Gainera, horrela kolore bizia atxikiko dute eta barazkiak ez dira gehiegi maskalduko. Barazkiak freskatu direnean, ur hotzetatik atera, eta ondo iragazi, duten ur soberakina kentzeko.

Orain, entsaladak prestatzeko ontzian jarri barazki guztiak, ozpin txorrotada on bat bota, eta bi koilararen laguntzaz, ondo nahastu.

Baratxuriak zuritu eta xerra finetan moztu. Gorde.

Zartagin bat oliba olio txorrotada on batekin berotzen jarri. Olioa beroa dagoenean urdaiazpiko xerrak banaka bertan azkar frijitu. Urdaiazpikoa frijitu ondoren, baratxuri xerrak bota eta ongi gorritzen utzi. Ondoren, baratxuriak barazki entsaladara bota eta ondo nahastu.

Azkenik, lau plateretan banatu barazki entsalada. Plater bakoitzaren aldamenean bina urdaiazpiko xerra jarri, eta, azkenik, nortasun berezia emanez, Idiazabalgo gaztaren xerra finak gainetik bota. Ea gustatzen zaizuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.