Espagetiak txanpinoi, tomate fresko eta ziazerbekin

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

500 gr espageti.

Lau tomate fresko.

200 gr txanpinoi.

Ziazerba sorta bat.

Bi baratxuri ale.

Tipulin bat.

Oliba olio birjina.

Gatza.

Tomateak garbitu, bihotza kendu eta azpialdean gurutze bat egin labanaren laguntzaz. Segidan, lapiko bat urez bete, gatza bota, eta berotzen jarri. Irakitean, tomateak bertara bota, eta, minutu batez eduki ondoren, beste ontzi batera atera, eta ur freskoaz hoztu.

Lapiko berbera urarekin irakiten mantendu, eta espagetiak bertan egosi sei bat minutuz. Hala ere, beti begiratu paketetxoan zenbat denbora gomendatzen duten, etxe bakoitzak bere denbora baitauka. Espagetiak egosita dauzkagunean, espegetiak ur hotzetan freskatu eta ondo iragazi. Gero, gorde.

Tomateekin jarraituz, azala kenduko diegu. Erditik moztu, eta hazitxoak kenduko dizkiegu. Ondoren, lauki forman moztu, eta gorde.

Txanpinoiak era berean garbitu, eta xafla finetan moztu.

Beste lapiko batean oliba olio zorrotada bat bota, eta su motelean jarri. Bertara tipulina pusketa txikietan moztuta bota, eta bost bat minutuz erregosi. Orduan, baratxuri aleak xehatuta gehitu, eta, jarraian, txanpinoi xaflak gehitu. Hori guztia beste bost minutuz erregosi ondoren, tomatea gehitu, gatz pittin bat bota, eta tomatea ongi desegin artean utzi hamabost bat minutuz su motelean.

Bitarte horretan, ziazerbak garbitu, zuztarrak kendu, eta labanarekin juliana moduan moztu, eta aurreko lapikora bota. Minutu pare batez eduki, eta saltsa guztia prest dugunean espagetiak gehitu. Bi koilara handiren laguntzaz kontuz nahastu espagetiak ongi berotu daitezen. Bukatzeko, txukun-txukun zerbitzatu plateretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.