Lau onddo, mardulak.
400 gramo leka.
400 gramo txerri saiheski.
Oliba olioa.
Gatza.
1. Hasteko, txerri saiheskia egosiko dugu uretan. Horretarako, lapikoa urez bete, gatza gehitu, eta utzi saiheskia egosten, ordubetez, su motelean. Egosia dagoenean, gorde baso batean egosketa ura, gero erabiltzeko.
2. Txerri saiheskia egosi bitartean, garbitu onddoak eta moztu zati handitan. Lapiko batean burruntzalikada bat olio jarri, eta gehitu onddoak bertara. Bota gatz pitin bat ere. Hori guztia oraindik sua piztu gabe. Osagai guztiak jarri eta gero, piztu sua, eta bertan konfitatu onddoak, 45 minutuz, su apalean. Estali lapikoa estalkiarekin. 45 minutuak pasatu eta gero, utzi onddoak lapikoan.
3. Lekak egosteko, lapikoa urez bete, gatza gehitu, eta irakiten jarri. Bitartean, lekak garbitu eta zati luzeetan moztu. Bost minutuz uretan freskatu. Gero, egosi ur irakinetan 15 minutuz. Denbora pasatutakoan, atera lekak, eta hoztu.
4. Zerbitzatu aurretik, lekak hotzak egongo direnez, eman berotu azkar bat zartagin batean. Onddoak eta txerri saiheskia bero egongo dira. Jarri hiru osagaiak platerean, elkarrekin nahastuta. Azkenik, katilu batean nahastu txerri saiheskiaren egosketako uraren pare bat koilarakada eta onddoak konfitatzeko erabilitako oliba olioaren koilarakada bat. Nahastu guztia ondo, pil-pil saltsa moduko bat lortu arte, eta zabaldu platerean.