Onddoz betetako kuiatxoak

IKER MARKINEZ.
Iker Markinez.
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT
Hiru kuiatxo txiki.
300 gramo onddo.
Tipula bat.
Oliba olioa.
Ehun gramo irin.
Litro bat esne.
Gatza.

1. Onddoak prestatzen hasiko gara. Ongi garbitu eta laukitxoetan moztu. Ondoren, jarri oliba olio txorrotada bat zartagin batean, eta erregosi onddoak, hamabost minutuan.

2. Gero, bexamela prestatuko dugu. Zuritu tipula, eta moztu puska oso txikietan. Erregosi oliba olio tanta batekin hamar edo hamabost minutuan. Ondoren, gehitu irina, hiru bat minutuz poliki-poliki mugitu eta tipulak eta irinak bat egin eta gero, gehitu pixkana-pixkana esnea. Horrela, bexamela lortuko dugu.

3. Bexamela egindakoan, gehitu bertara lehen prestatutako onddoak, eta utzi guztia irakiten pare bat minutuz. Probatu, ea gatz nahikoa duen edo gehiago behar duen. Gorde hozkailuan hurrengo egunera arte.

4. Moztu kuiatxoak hiru bat zentimetroko xafletan. Koilara txiki baten laguntzaz, hustu barruko mamia. Ez dena: utzi mamia beheko aldean, zoru gisa. Horrela, edalontzi itxurako kuiatxo zatiak lortuko ditugu.

5. Jarri ura eta gatz pittin bat lapiko batean, eta, irakiten hastean, bertan egosi kuiatxoak, lau minutuan. Ondoren, pasa ur hotzetatik eta jarri txukun-txukun labeko erretilu batean. Azkenik, koilara edo mahuka baten laguntzaz, bete kuiatxoak goraino. Jarri labea berotzen 220 gradutan, eta sartu kuiatxo beteak. Labean sartu aurretik, nahi izanez gero, gazta birrindua gehitu dakioke. Edo, bestela, labetik ateratakoan, gustuko saltsaren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.