Orburu entsalada urdaiazpiko txigortuarekin

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Orburu dozena bat.

Tipulin bat.

Bi urdaiazpiko xerra, lodixamarrak.

Irina.

Perrexila.

Gatza.

Oliba olio birjina.

Sagardo ozpina.

Lapiko batean bi koilarakada irin bota, eta erdira arte urez bete; ongi nahastu, eta gatz pitin bat bota; gero, irakiten jarri. Bitartean, orburuei hostoak kendu, txortena zuritu eta guztiei puntaren zati handi bat kendu. Ondoren, ur irakitan sartu, 15 / 20 bat minutuz. Lantxo horri blanquet esaten zaio, eta frantsesetik dator, hau da, zuritzea. Horrek orburuak egosi baina ez belztea laguntzen du. Ondoren sua itzali, eta bertan utzi hoztu arte.

Tipulina zuritu, eta ahalik eta zatirik txikienetan moztu. Ontzi batera bota, eta gehitu bi koilarakada sagardo ozpin eta sei koilarakada oliba olio. Perrexila xehetu, eta gehitu gatz pitin bat. Dena ondo nahastu.

Orburuak uretik aterako ditugu, eta bakoitza lau pusketetan zatitu. Ondoren, argazkian ikusten duzuen bezala, plater bakoitzean orburu pusketak ahalik eta modu txukunenean ipini. Jarraian, urdaiazpiko xerrak labanaren laguntzaz pusketa txikietan moztu, eta zartagin batean oliba olio txorrotada batekin su bizian txigortu. Ondoren, koilara baten laguntzarekin, urdaiazpiko pusketak orburuen gainetik bota; eta bukatzeko, oliozpinez dena ongi busti bakoitzaren gustura. Mugi zaitezte, orburuak bukatzear daude eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.