Osagaiak
Raf motako lau tomate.
Tipulin bat.
Errulo formako ahuntz gazta bat.
Gatza.
Ozpina.
Oliba olioa.
Probentzako belarrak.
Xaflatan mozteko ogia.
Raf tomatea oraintxe hasten da puri-purian. Tomatea gaztarekin oso ongi uztartzen denez, platertxo hau presta daiteke sasoi honetan.
1
Lehenik, labea berotzen ipini. Erretilu batean ogi xafla batzuk ipini, eta xafla bakoitzaren gainean gazta xafla batzuk, 2 zentimetro ingurukoak.
2
Gazta mozterakoan komeni da aurrez labana pixka bat berotzea, lana errazteko, eta batik bat gazta xaflak ez puskatzeko.
3
Ondoren, gazta xaflen gainean Probentzako belartxo batzuk jarri, eta, labea oso beroa dagoenean, bertan sartu pare bat minutuz gutxi gorabehera.
4
Bitarte horretan, tomateak moztu. Tomate mota hori mozteko modurik egokiena ataletan moztea da. Plater handi batean kokatu tomate puska guztiak, eta gatza gehitu.
5
Ondoren, tipulina moztu, eta ontzitxo batean oliozpina prestatu. Gero, tomateak ongi oliozpindu.
6
Jarraian, labetik ogitxoak atera. Tomateen gainean ogi eta gazta tostak kokatu, eta jateko prest dago entsalada goxoa.