Marrubizko tarta

Urteari gozo ekiteko errezeta prestatu du Iker Markinezek

Marrubi tarta
Iker Markinez.
2024ko urtarrilaren 5a
05:05
Entzun

Marrubiak aukeratu ditu Iker Markinezek urteari gozo ekiteko:

Osagaiak lau lagunentzat: 

Marrubiak, 20 ale.

Pastel krema, 500 gramo: 
- litro erdi esne, 
- dozena erdi arrautza gorringo, 
- 75 gramo azukre, 
- 90 gramo irin 
- eta banilla makilatxoa.

Esne gaina, 250 gramo.

Azukrea, 25 gramo.

Sable pasta oinarria: 
- 100 gramo gurin, 
- 20 gramo glas azukre, 
- 30 gramo almendra xehetu, 
- gatz pitin bat, 
- arraultza bat, 
- 130 gramo irin.
1. urratsa

Pastel krema prestatu. Horretarako, lapiko batean esnea berotzen jarri behar da, banilla makilatxoarekin, eta, bitartean, gorringoak ontzi batean jarri. Azukrea ontzian nahastu, eta bost minutuz etengabe irabiatu. 

2. urratsa

Irina gehitu, eta kontu handiz nahastu. Berotutako esnearen erdia ontzira bota, eta ondo nahastu. Lapikoan gelditu zaigun esnea irakin arte berotu, eta, banilla makilatxoa kendu ondoren, ontzian duguna lapikora irauli. Bost minutuz irakiten eduki, etengabe nahastuz. Garrantzitsua da krema hotza egotea tarta prestatzen hastean; beraz, denbora batez hozkailuan eduki, edo, bestela, hurrengo egunean hasi tarta prestatzen.

3. urratsa

Tartaren oinarrirako sable pasta egin. Horretarako, osagai guztiak nahastu ontzi batean. Baina adi: gurina pixka bat bigun eduki behar da aurretik, ore moduan. Dena ongi nahastu eskuaz, pilota baten itxura emanez. Hozkailuan gorde, film paperean bilduta. Hiru bat orduz eduki bertan.

Gero, mahai gainean irin pixka bat zabaldu, pilota hozkailutik atera, eta ongi zabaldu. Tartak egiteko moldean jarri. Zilar paperarekin tapatu, eta gainean txitxirio batzuk bota, pisu moduan. Labea berotzen jarri 170 graduan, eta ordu erdiz egosi tartaren oinarria.

4. urratsa

Esne gaina ontzi batean jarri, eta koilarakada bat azukre gehitu. Ongi irabiatu. Aurrez prestatu dugun pastel krema gehitu. Eta dena ongi nahastu.

5. urratsa

Marrubiak garbitu. Hamar marrubi moztu, lauki txikitan, eta kreman gehitu. Gainerakoak osorik utzi. Tarta oinarria hartu, eta krema guztia bertan gehitu. Osorik gordetako marrubiak gainetik jarri, apaingarri. Urteari hasiera goxoa eman tarta gozo honekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.