Orburuak eta kardua txipiroi freskoekin

ORBURUAK ETA KARDUA TXIPIROI FRESKOEKIN
Iker Markinez.
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Orburuak eta karduak oinarritzat hartuta prestatu du Iker Markinez sukaldariak aste honetako errezeta.

OSAGAIAK:

Txipiroiak, 4.

Kardua, 3 hosto handi.

Orburuak, 12.

Baratzuriak, 2.

Tipula, 1.

Oliba olioa.

Gatza.

Irina.
1. urratsa

Orburuen sasoiarekin jarraituz, neguko beste barazki bat erabiliko dugu gaurkoan. Lehenik, orburu freskoak prestatuko ditugu. Lapiko handi batean ura erdira arte bete, bi koilarakada irin gehitu eta ondo nahastu. Gatz pitin bat bota eta sutan jarri, irakin arte. Bitartean, orburuak zuritu, txortena ere moztu gabe zuritu. Orburuaren punta moztu, pare bat zentimetro zabal. Ondoren, irakiten ari den uretan sartu eta hor irakin, hogei bat minutuz. Dena gorde.

2. urratsa

Kardua ere berdin egosi. Beste lapiko bat hartu, eta orburuekin aipatutako pauso berdinak jarraitu. Aurrez, garbitu eta karduaren hariak kendu, zerbei egiten zaien moduan.

3. urratsa

Zartagin batean tipula txiki-txiki eginda jarri, oliba txorrotada batekin eta baratxuri aleak xehatuta gehituz. Guztia ondo erregosi hogei bat minutuz, taparik jarri gabe. Ondoren, barazkiak ditugun bi lapikoetatik egositako uraren basokada bana salda hartu eta barazkiak ditugun zartaginera gehitu. Sua pixka bat bizitu eta irakiten ipini. Ondoren, egosiak ditugun orburu eta karduak bertara bota. Karduaren kasuan, tamainaren arabera, baina orburuak erditik moztuko ditugu zartaginera bota baino lehen. Guztia ondo egosi, salda ongi loditu arte.

4. urratsa

Txipiroiak garbitu eta erditik moztu. Zartagin batean, plantxa moduan, hiru bat minutuz bixi-bixi frijitu, gatz pittin bat eta oliba olio txorrotada bat botata.

5. urratsa

Platerera ateratzeko, kardo zatitxoak plateraren azpian ipini, gainean orburuak, eta, azkenik, txipiroiak. Amaitzeko, zartagian dugun saltsa pixka bat bota gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.