Ore hautsiarekin egindako sagar tarta

Ore hautsiarekin egindako sagar tarta. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iker Markinez.
2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek sagarrak eta ore hautsia edo brisée orea oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Sagar tarta egiteko:

Sei sagar

Esnea, litro erdia

Arrautzak, dozena erdia

Azukrea, 200 g

Irina, 40 g

Banilla leka

Gurina, koilarakada bat

Azukre pixka bat tartarako
Ore hautsia egiteko:
Irina, 500 g

Gurina, 375 g

Arrautza gorringo bat

Gatza, koilarakada txiki bat

Azukrea, bi koilarakada txiki

Esnea, 100 ml

 

Testuingurua

Errezeta honen bidez, ore hautsiak edo brisée pastak gozogintzan duen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Nahiz eta gaur oso tarta klasikoa egiteko erabili dugun, oso ore egokia da garaian garaiko frutekin beste edozein tarta egiteko ere. Oso tarta gozoak geldituko zaizkigu marrubiekin, udareekin, intxaurrekin eta abarrekin ere.

1. urratsa

Errezeta honen lehen urratsa ore hautsia prestatzea da. Erretilu batean, gurina jarri laukitxoetan moztuta. Utzi ordu erdi, tenperatura har dezan. Zurezko koilara handi bat sartuz gurina biguntzen hasi dela ikusten dugunean, gehitu gatza, azukrea eta arrautza gorringoa, eta ongi nahastu guztia: pasta bat lortuko dugu. Gero, gehitu 100 ml esne. Ez da komeni hotza egotea. Errezeta egiten hasi aurretik, eduki hozkailutik kanpora. Guztia nahasten jarraitu. Oreak esne guztia xurgatu duenean, gehitu 500 g irin. Hasieran, nahastu koilararen laguntzaz. Lanik handiena egin dugunean, bota orea mahaira, eta poliki-poliki, eskuen laguntzaz, oratu guztia. Mahaian itsasten bazaigu, irin pixka bat bota mahai gainera. Ondoren, pilota forma eman, film paperarekin bildu, eta hozkailuan sartu lau bat orduz.

2. urratsa

Krema prestatzeko, jarri esnea berotzen lapiko batean, banilla leka batekin. Bitartean, jarri arrautza gorringoak ontzi batean. Batu azukrea ontzi horretara, eta irabiatu bost minutuz, etenik gabe. Gero, gehitu irina, eta nahastu kontu handiz. Bota berotutako esnearen erdia ontzira, eta ondo nahastu. Lapikoan gelditu zaigun esnea irakin arte berotu, kendu banilla leka, eta irauli ontzian duguna lapikora. Bost minutuz irakiten eduki, etengabe nahastuz. Garrantzitsua da tarta prestatzen hastean krema hotza egotea; beraz, hozkailuan sartu denbora batez. Bestela, hurrengo egunean hasi tarta prestatzen.

3. urratsa

Sagarrak zuritu, erditik moztu, eta erdian duen zurtoina kendu. Hiru sagar erabiliko ditugu hasieran. Laukitxoetan moztu, eta zartagi batean jarri, koilaradaka bat gurin eta koilarakada bat azukre gehituta. Sutan jarri, ordu laurden batez, pixka bat gorritu arte. Gero, gorde.

 

4. urratsa

Brisée pasta hozkailutik atera, erditik moztu, mahai gainean jarri irin pixka batekin, eta zabaltzen joan arrabola baten laguntzaz, ahalik eta xafla zabal, fin eta erregularrena lortu arte. Gaurko tartarako, orearen erdia nahikoa izango dugu. Beste erdia gorde, beste tarta bat egiteko. Laberako molde borobil bat hartu, eta jarri bertan zabaldu dugun pasta, moldea ongi estaliz. Ongi zulatu sardexka batekin. Ondoren, laberako papera masaren gainean jarri, eta paperaren gainean pisua. Nik garbantzu aleak jartzen ditut normalean.

5. urratsa

Labea berotzen jarri, 170 graduan. Sartu moldea bertan, hogei bat minutuz. Gero, labetik atera, kendu garbantzuak eta papera, eta krema geruza fin bat zabaldu gainean. Ondoren, kremaren gainean, zartagian gorritu ditugun sagar zatiak zabaldu. Gelditzen zaizkigun sagarrak zuritu, eta xaflak kremaren gainean kokatu, txukun-txukun. Azukre pixka bat gehitu sagar pusketen gainean. Berriro labe beroan sartu, 170 graduan, eta beste ordu erdiz eduki. Epeltzen denean, moldetik atera, eta zerbitzatzeko prest dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA