Patatak eta onddoak oinarri hartuta prestatu du Iker Markinez sukaldariak aste honetako errezeta.
Osagaiak:
Kilo 1 patata 2 litro esnegain 500 gramo onddo 4 arrautza 10 gramo boilur fresko Gatza Oliba olio birjina estra Piper hauts beltza Ozpina
Lehenik, patata krematsuarekin hasiko gara. Horretarako, patatak zuritu, garbitu eta lapiko batean ipiniko ditugu, pusketatan. Esnegainarekin estali, piper hauts pixka bat eta gatz pitin bat bota, eta su motelean irakiten jarri, 35 minutuz.
Bitartean, onddoak garbitu, puska ertainetan moztu, eta, olio txorrotada txiki batekin, hamar bat minutuz erregosiko ditugu zartagi batean, onddoak etengabe mugituz. Gatz pitin bat bota, eta zartagian bertan gordeko ditugu.
Ondoren, patata krematsua egiteko irabiagailuarekin egositako patatak birrindu, bost bat minutuz irabiatu, ongi krematuta egon arte, eta, amaitutakoan, boilurra birrindu patata krematsuaren gainean; koilararekin ondo nahastu, eta epeletan eduki.
Lapiko batean ura ipini, gatz pitin bat bota, eta ozpin txorrotada txiki bat gehituko diogu urari. Ura erdi irakiten hasten denean, arrautzak sartuko ditugu lapikoan; hiru bat minutuz eduki, poche erara prestattzeko. Gero, atera eta plater sakon batean ipini arrautza bakoitza.
Bukatzeko, boilur krema arrautzaren inguruan gehituko dugu, eta, azkenik, bero ditugun onddoak ere platereratuko ditugu. Sasoiko plater osasuntsu hau oso dibertigarria izan daiteke aurtengo Gabonetako mahaietan dastatzeko.
Beraz, animatu eta probatu!