Askotan gertatzen da aurkako iritziek aldekoek baino gehiago batzen dutela. Atzo, batetik, jendetza mobilizatu zen Vito Quiles eskuin muturreko asaldatzaile espainiarra Bilbon egitekoa zen deialdia geldiarazteko asmoz. Gaur, bestetik, kargudun publiko eta eragile anitzetako hainbat ordezkarik bat egin dute manifestazioen osteko istiluen aurka egiteko. Zenbait eragilek bi auziak banandu nahi izan dituzte, istiluak mugimendu antifaxisten protesta «baketsuetatik» bereizita.
Beste batzuek ez dute halako alderaketarik egin, eta mahai gainera atera dute iragan hurbila, baina bestelako elementu batzuei ere erreparatuz. Eusko Jaurlaritza izan da horietako bat. Adierazpen instituzional bat onartu du gaurko Gobernu Kontseiluan, Bilboko jazoerak «irmoki gaitzesteko» eta «indarkeriazko ekintza larriak» pairatu zituztenei elkartasuna adierazteko.
Quiles Deustuko Unibertsitatean izatekoa zen atzo, baina hainbat eragilek mobilizazioak antolatu zituzten asaldatzaileak agerraldia egin ez zezala lortzeko. Arratsaldean zenbait manifestazio izan ziren faxismoari Bilboko ateak ixteko, eta azkenean lortu zen ekimena bertan behera uztea, inolako istilurik barik. Xaxatzaileak ekitaldia ofizialki bertan behera utzi zuenean, ostera, zenbait istilu izan ziren 19:20 aldera, Agirre Lehendakariaren etorbidean. Hainbat edukiontziri eta ibilgailuri su eman eta beste horrenbeste objektu jaurti zituzten bertaratutakoek, eta Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabili zituen haien aurka.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur adierazi duenez, guztira hamazapi lagun atxilotu zituzten, haietatik 10 adingabeak. Arratsalderako zazpi helduak aske utziak zituzten eta adinez azpikoak fiskaltzaren esku zeuden.
Iluntzean lehertutako istiluen harira, atzo bertan hasi ziren lehen erreakzioak. Imanol Pradales Guggenheim museoan zen Hitz Sariak banatzen, eta ekitaldia eten zuen gertakarien inguruko «kezka sakona» azaltzeko. Argi utzi zuen indarkeria ez dela «probokatzaileei erantzuteko» bidea, eta faxismoaren aurka borrokatzeko «hitza» aldarrikatu zuen tresna gisa. Hain zuzen, Jaurlaritzak gaur adierazi du «bizikidetzaren aurkako eraso zuzena» izan zela atzokoa: «Guztiz onartezina da talde antolatuek bizikidetza nahita asaldatzea. Horrek ez du inolako justifikaziorik». Are gehiago, argudiatu du «ezein kausak, ideologiak edo aitzakiak» ez duela indarkeria legitimatzen.
«Ondoegi dakigu zer kalte eragiten duen indarkeria justifikatzeak», dio Jaurlaritzak onartutako testuak. Bide horretan, Zupiriak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere egin diote erreferentzia iragan hurbilari. Aburtok adierazi du ETAren aldeko mezuak egon zirela, eta hori gaitzetsi nahi izan dutela adierazpen instituzional batean. «Gure herriko terrorearen garaietara garamatzate», dio Bilbon EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin-ek adostutako testuak, istiluak «gaitzestearekin» batera.

Zupiriak, berriz, beste kasu batzuetan egin bezala, esan du aurrez ere gizartearen zati batek justifikatu izan duela indarkeria: «Hori ez dugu sendatua». Eta horren adibide gisa jarri ditu iazko urriaren 12an Gasteizen Falangeren elkarretaratzearen kontra egindako protesta eta oraintsu Gasteizen egindako etxegabetzearen kontrako elkarretaratzea.
Halere, Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Segurtasun sailburuak iradoki du bestelako elementu batzuk ere aztertu behar direla. «Agitazio giro bat» aipatu du, eta aditzera eman du «kale indarkeria» baliatzen duten taldeak eta Europako beste hiri batzuetan gertatu direnek «animatuta» bertaratutako gazteak egon zirela atzoko istiluetan, eta «Europako mugimendu bortitzak berdindu nahi» zituztela. Hala, uste du Quiles bertaratu zein ez indarkeria erabiltzeko prest zegoen jendea zegoela.
Hain zuzen, Europako hainbat herrialdetan egin dituzte protestak azken asteetan, eta horietako batzuetan istiluak ere izan dira. Kasu esanguratsuenetako bat da oraintsu Bartzelonan jazotakoa, Blocus etiketapean. Frantzian hezkuntza arloan abiatutako mugimenduaren izena darama, baina Kataluniako hiriburuan, protesta sozial edo politikoetatik harago, zenbait merkataritza establezimendutan lapurreta egiteko baliatu zuten batzuek deialdia; 130 lagun atxilotu zituzten. Izatez, sare sozialetan agertu dira izen horren pean Bilbon mobilizatzeko deiak ere; Espainia ere altxatzen ari da du leloa karteletako batek. Horregatik, Zupiriak «arduraz» jokatzearen alde egin du.
Ertzaintzaren esku hartzeari dagokionez, berriz, Jaurlaritzak Poliziaren lana ere goraipatu du, esanez «irmo» jarduten segituko duela, atzokoak eta antzeko gertaerek ondorioak izan ditzaten: «Azkeneraino ikertu beharko dira, egileek justiziaren aurrean erantzun dezaten». Hala, Zupiria kritiko azaldu da polizien jokabidea ezbaian jarri dutenekin. Ertzaintzako sindikatu korporatiboak izan dira kritika hori egin dutenak. Erne sindikatuak «oso larritzat» jo du aurrez prestatutako eta martxan zen dispositiboa «justifikatzeko zaila den arinkeria batez» desegin izana.
Faxismoari aurre
Ordezkaritza instituzionala duten alderdiek ia modu orokorrean gaitzetsi dituzte atzoko istiluak. EH Bilduk «erabateko gaitzespena» azaldu du atzo iluntzean izandako «jokabide bortitz eta antisozialen aurrean». Talde subiranistak «bizikidetza» eta «herritarren ongizatea» ekarri ditu lehen lerrora, eta azaldu du faxismoari eta ultraeskuinari eman beharreko erantzunetik kanpo dagoela «bandalismoa». Maria del Rio Bilboko alkategaiak ere gertakari «tamalgarriak» gaitzetsi ditu, aurretiko «ereduzko erantzun herrikoi, baketsu eta demokratikoak» goraipatuta.
Bide beretik, Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek adierazi du «baketsuak eta pluralak» izan zirela atzoko mobilizazioak, eta «gutxiengo» batek eragin zituela istiluak. Eskatu du ez erabiltzeko horiek gazteria kriminalizatzeko, eta gehitu du halakoek «eskuinari eta eskuin muturrari» egiten dietela mesede. «Langile jendearen autoak erretzeak ez du zerikusirik klase kontzientziarekin edo faxismoari aurre egitearekin». Iritzi bera du PSOEko eledun eta sozialisten Espainiako Kongresurako Bizkaiko hautagai Patxi Lopezek ere. Radio Euskadin, istiluak gaitzetsi ditu, ez dutelako euskal gizartea ordezkatzen, eta PPri eskatu dio ez erabiltzeko horiek «gorrotoa eta indarkeria elikatzeko.
Hain zuzen, PPko idazkari nagusi Miguel Tellado Bilbon izan da gaur, eta aukera baliatu du istiluak izan ziren lekura joateko. «Faxistatzat» jo ditu protesta egin zutenak, eta aukera baliatu du auzia alderatzeko, besteak beste, Munduko Txapelketako finalaren harira jazotakoekin. «Atzo kaosa zabaldu zen ezker muturraren partetik», esan du, eta horri aurre ez egitea egotzi dio Espainiako Gobernuari.