LABek etxebizitza eskubidea defendatu eta «errentismoa amaitzea» exijitu du Bilbon ere

Donostian, Gasteizen eta Iruñean atzo egin bezala, gaur ere jendetza elkartu du sindikatuak. Mobilizazioetan «aurrerapauso bat» emateko asmoa erakutsi du, eta iragarri du beste eragile eta sindikatu batzuekin harremanetan dela zer egin adosteko.

LABek deitutako mobilizazioa, gaur, Bilbon. LAB SINDIKATUA
LABek deitutako mobilizazioa, gaur, Bilbon. LAB SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 4a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteon Euskal Herriko kaleak bete dituzten etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioei segida eman diete gaur Bilbon, LAB sindikatuak deituta. Atzo Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin bezala, gaur Bilbon manifestazio jendetsua egin du sindikatuak, «etxebizitza eskubidea defendatzeko eta errentismoa amaitzea exijitzeko». 

Borroka da giltza. Etxebizitzarekin negoziorik ez lelopean egin dute martxa. Plaza Eliptikotik abiatu da, eta Arriagan amaitu. Manifestazioaren aurrealdean joan dira Erandioko Los Ochos eraikineko bizilagunak, eta ibilbidean zehar ozen oihukatu dituzte han geratzearen eta putre funtsak kanporatzearen aldeko aldarriak.

Iñigo Alonso LABeko ordezkariak adierazi du mobilizazioen bidez zera erakutsi nahi dutela, borrokaren bidez soilik irauli daitezkeela «legezkoak izan arren izugarri bidegabeak» diren egoerak.

Espainiako Kongresuan gertatutako «itxuragabekeriaren» ostean, mobilizatzen jarraitzeko deia egin du; argi utzi du LABek borroka horretan segituko duela, eta «aurrerapauso bat» ematen ahaleginduko dela. Hala, mobilizazioen hurrengo urratsa zein izango den erabakitzeko, beste eragile eta sindikatu batzuekin harremanetan jarriko dira datozen egunetan, eta ez dute baztertu greba orokorrera deitzea.

«Arazoa ez da etxebizitza falta»

Alonsoren iritziz, arreta beste leku batean jarri beharra dago: «Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak ezin du Vienatik etorri gehiago eraiki behar dela esanez. Arazoa ez da etxebizitza falta, daudenak zertarako erabiltzen diren baizik». Gehitu du «milaka neurri» har daitezkeela arazoa konpontzeko, eta bakoitzak bere gain hartu behar dituela dagozkion ardurak.

Asteburuko manifestazioetarako deialdian, sindikatuak zabaldu zuen presazko neurriak hartu behar direla bost arlotan, baita neurri iraunkorragoak ere. Sindikatuaren ustez, alokairu mugagabeak ezarri behar dira, etxegabetze guztiak gelditu, «asmo espekulatiboekin» etxeak erosteko bideak itxi, etxebizitzaren prezioak jaitsi, eta etxebizitza parke publikoa handitu, «etxebizitza duina herritar guztien eskura» jartzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA