Asteon Euskal Herriko kaleak bete dituzten etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioei segida eman diete gaur Bilbon, LAB sindikatuak deituta. Atzo Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin bezala, gaur Bilbon manifestazio jendetsua egin du sindikatuak, «etxebizitza eskubidea defendatzeko eta errentismoaren amaiera exijitzeko».
Ikusi gehiago
Borroka da giltza. Etxebizitzarekin negoziorik ez leloarekin egin dute martxa. Plaza Eliptikotik abiatu da, eta Arriagan amaitu. Manifestazioaren aurrealdean joan dira Erandioko Los Ochos eraikineko bizilagunak, eta ibilbidean zehar ozen oihukatu dituzte bertan geratzearen eta putre funtsak kanporatzearen aldeko aldarriak.
Iñigo Alonsok, LABeko ordezkariak, adierazi du mobilizazioen bidez erakutsi nahi dutena dela borrokaren bidez soilik irauli daitezkeela, «legezkoak izan arren, izugarri bidegabeak» diren egoerak.
Espainiako Kongresuan gertatutako «itxuragabekeriaren» ostean mobilizatzen jarraitzeko deia egin du; argi utzi du LABek borroka horretan segituko duela, eta «aurrera pauso bat» ematen ahaleginduko dela. Horretarako, mobilizazioen hurrengo urratsa zein izango den erabakitzeko, datozen egunetan harremanetan jarriko dira beste eragile eta sindikatu batzuekin, eta ez du greba orokorra deitzea baztertu.
«Arazoa ez da etxebizitza falta»
Alonsoren iritziz, fokua aldatu beharra dago: «Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak ezin du Vienatik etorri gehiago eraiki behar dela esanaz. Arazoa ez da etxebizitza falta, daudenak zertarako erabiltzen diren baizik». Gehitu du «milaka neurri» har daitezkeela arazoa konpontzeko, eta bakoitzak bere gain hartu behar dituela dagozkion ardurak.
Asteburuko manifestazioetarako deialdian, sindikatuak zabaldu zuen bost arlotan presazko neurriak hartu behar direla, baita neurri iraunkorragoak ere. Sindikatuaren ustez, alokairu mugagabeak ezarri behar dira, etxegabetze guztiak gelditu, «asmo espekulatiboekin» etxeak erosteko bideak eragotzi, etxebizitzaren prezioak jaitsi, eta etxebizitza parke publikoa handitu, «etxebizitza duina herritar guztien eskura» jartzeko.