Ñabarduretan dago sekretua. Gehiengo oso zabal batek babestuta, Loiuko aireportuari Agirre Lehendakaria izena txertatzea eskatzea onartu du Eusko Legebiltzarrak gaurko osoko bilkuran. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk babestu dute ekinaldia, eta Alderdi Popularra eta Sumar abstenitu egin dira. Batzuetan, ordea, emaitzak prozesua ezkutatzen du, eta, oraingoan ere, amaierako adostasun argazki horrek neurriaren eztabaida prozesuan azaleratu diren ezadostasun ugariak estali ditu. Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariaren ondareari buruzko eztabaida betean, helburuek baino gehiago haiek egikaritzeko moduak bereizi baititu alderdiak.
EH Bilduk eraman du izen aldaketaren proposamena osoko bilkurara, baina EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa onetsi da azkenean, koalizio subiranistak ere jeltzaleek eta sozialistek egindako proposamena babestu baitu. Pello Otxandianok azaldu du jokaleku politiko jakin bati lotuta proposatu zutela Agirreren izena jartzea azpiegiturari, gogora ekarri baitu PPren eta Voxen eskutik «garai ilunak» etor daitezkeela ohartarazi zuela egungo lehendakari Imanol Pradalesek, eta Agirreren ondarea aldarrikatu zuela horri aurre egiteko. Horregatik, azpimarratu du eztabaidaren funtsa hori dela, eta ez azpiegituraren izenari buruzkoa soilik: «Memoriaz hitz egin nahi du, baina, batez ere, memoria horrek orainaldirako eta etorkizunerako izan dezakeen esanahi politikoaz».
Otxandianok Agirreren figura nabarmendu du beste behin, eta haren ondare politikoa nabarmendu. Baina ohartarazi du «iraganeko figura hutsa» bihurtzeko arriskua duela, historia liburuetan soilik gogoratuko dena. Horrek haren legatua kamustuko lukeela iritzi dio, eta horregatik hain justu ere, haren ondareak egungo eta etorkizuneko arazoei aurre egiten laguntzeko izan dezakeen balioagatik, proposatu du azpiegiturari haren izena jartzea: «Agirre lehendakaria guretzat ez da iraganeko Euskal Herriaren erreferentzia soilik, etorkizuneko Euskal Herriaz galdetzeko erreferentzia ere bada».
«Agirre lehendakaria guretzat ez da iraganeko Euskal Herriaren erreferentzia soilik; etorkizuneko Euskal Herriaz galdetzeko erreferentzia ere bada»
PELLO OTXANDIANOÂ EH Bilduren bozeramailea
EH Bilduko eledunak nabarmendu du aireportuek hori bera islatzen dutela, sarri herrialde baten sarrera eta irteera bide nagusiak direnez gero balio dutelako «iristen denari nondik gatozen kontatzeko, baina baita hemen bizi garenoi zer izan nahi dugun galdetzeko ere». Eta gogora ekarri du munduan ez ezik gertuan ere badirela adibideak: Kataluniakoa eta Galiziakoa aipatu ditu bereziki. Otxandianok azpimarratu du izendapenak berak bakarrik ez duela ezer aldatuko, baina iritzi dio mezu argi bat eman dezakeela, hala gizarteari nola erakundeei begira.
Forma kontua
EH Bilduren proposamenarekin eta haren helburuarekin ados egonagatik ere, EAJk eta PSE-EEk ñabardurak egin nahi izan dizkiete: bata prozedurari lotua dago, bestea politikoagoa da. Joseba Diez Antxustegik ez du Agirreren legatuari buruzko talkan sakondu nahi izan; aitzitik, eskerrak eman dizkio EH Bilduri proposamena aurkezteagatik: proposamen «egokia» eta «zentzuzkoa» dela esan du, eta bat egiten duela Jaurlaritzako lehen lehendakariaren ondarea gaur egunera ekartzeko koalizio subiranistak egindako eskaerarekin. Ordea, adierazi du ezin direla orduko eta gaur egungo garaiak alderatu, eta aintzat hartu behar direla Agirrek ez ezik haren gobernuak ordezkatzen zituen «balio guztiak».
«Autogobernuaren defentsa, herri baten duintasuna, ezberdinen arteko elkar ulertzea, bakea, askatasuna, justizia soziala. Balio horiek guztiak, guk talde politiko bezala beti defendatu eta aldarrikatu izan ditugunak», esan du. Hala ere, «ezberdintasunak» ere ikusi ditu Diez Antxustegik testuan, baina «forma kontua» omen. Izan ere, zehaztu du jatorrizkoan eskaera Espainiako Gobernuari egina zegoela, baina zentzuzkoena sortu berria den aireportuen kudeaketarako aldebiko organoari egitea dela, Jaurlaritzak ordezkaritza duelako bertan; eskaera gobernuak berak egitea nahi du. Azken erabakia Aenari baitagokio.
«Agirreren figura oroimenera ekartzeaz gain, bere gobernuaren balioak ere aipatu behar dira. Balio horiek guztiak, guk talde politiko moduan beti defendatu eta aldarrikatu izan ditugunak»Â
JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGIÂ EAJren bozeramailea
Zehaztapen horrekin bat egin du Susana Corcuera sozialistak ere. Baina hark beste bat ere egin nahi izan dio testuari: aitortza gobernu osoari egitea, eta ez soilik Agirreri: «Sozialistontzako ñabardura hori garrantzitsua da; izan ere, Agirreren lidergoa eztabaidaezina izan bazen, garrantzitsua eta bidezkoa da lehen Eusko Jaurlaritza osoa gorestea». Hala aipamen berezia egin die bere hitzartzean Jaurlaritza hartan ziren sailburu sozialistei, baita fusilatua izan zen Alfredo Espinosari eta Bigarren Errepublikako ministro Indalecio Prietori ere.
Abstentzio kritikoa
Vox ez gainerako alderdiak ere ados agertu dira proposamenarekin, baina horiek ere ñabardurak egin dituzte. Sumarrek abstentziora jo du bi proposamenetan, kezka duelako EAJk ez ote duen izendapena bere egingo eta «interes alderdikoietarako» erabiliko, Jaurlaritza hura bazter utzita. Jon Hernandezek azpimarratu du Agirreren legatua ezin dela zalantzan jarri, baina adierazi du lehen Jaurlaritzaren 90. urteurrenak «kontakizunetik kanpo» geratu direnak gogoratzeko ere balio beharko lukeela. Horien artean kokatu ditu, besteak beste, sindikatuak, milizianoak eta gudariak.
Alderdi Popularrak ere «helburu politikoak» ikusten ditu izendapenaren atzean, eta horregatik abstenitu da. Alderdi Popularrak, ordea, EAJren aurka egiteko baliatu du eztabaida. Santiago Lopezek jeltzaleei leporatu die «EH Bilduren atzetik» joatea, eta «aginteari eustea» ez beste helbururik ez izatea. Espainiarekin ere lotu nahi izan du izendapena Lopezek, baina Bakartxo Tejeriak oharra egin dio, eta une batez zer esan ez zekiela ere geratu da, ñabardura urrunegi zihoalakoan.