Loiuko aireportuari Agirre Lehendakaria izena jartzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk egin du proposamena, baina EAJren eta PSE-EEren zuzenketa onartu da. Eskaera hori sortu berria den aireportuen aldebiko organoan aurkeztuko du Jaurlaritzak. Aenak du azken hitza.

Loiuko aireportua, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Loiuko aireportua, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2026ko urriaren 1a
14:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ñabarduretan dago sekretua. Gehiego oso zabal batek babestuta, Loiuko Aireportuari Agirre Lehendakaria izena txertatzea eskatzea onartu du Eusko Legebiltzarrak gaurko osoko bilkuran. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk babestu dute ekimena, eta abstenitu egin dira Alderdi Popularra eta Sumar. Batzuetan, ordea, emaitzak prozesua ezkutatzen du, eta, kasu honetan ere, amaierako adostasun argazki horrek neurriaren eztabaida prozesuan azaleratu diren ezadostasun ugariak estali ditu. Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariaren ondareari buruzko eztabaida betean, helburuak baino hura egikaritzeko modua izan baita alderdiak bereizi dituena. Izan ere, jatorrizko proposamena koalizio subiranistak egin bazuen ere, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa onartu da azkenean.

Pello Otxandianok iragarri zuen proposamena joan den ekainean, eta EH Bilduren eledunak berak defendatu du ekimena gaurko bilkuran. Azaldu du testuinguru politiko jakin bati lotuta proposatu zutela Agirreren izena jartzea azpiegiturari, PPren eta Voxen eskutik garai ilunak etor daitezkeela ohartarazi baitzuen egungo lehendakari Imanol Pradalesek, eta gogora ekarri du Agirreren ondarea aldarrikatu zuela horri aurre egiteko. Horregatik, azpimarratu du eztabaidaren funtsa hori dela, eta ez azpiegituraren izenari buruzkoa: «Memoriaz hitz egin nahi du, baina, batez ere, memoria horrek orainaldirako eta etorkizunerako izan dezakeen esanahi politikoaz».

Otxandianok Agirreren figura aldarrikatu du beste behin, eta haren ondare politikoa nabarmendu. Baina ohartarazi du «iraganeko figura hutsa» bihurtzeko arriskua duela, historia liburuetan soilik gogoratuko dena. Horrek haren legatua kamustuko lukeela iritzi dio, eta horregatik hain justu ere, haren ondareak egungo eta etorkizuneko arazoei aurre egiten laguntzeko izan dezakeen balioagatik, proposatu du azpiegiturari haren izena jartzea: «Agirre lehendakaria guretzat ez da iraganeko Euskal Herriaren erreferentzia soilik, etorkizuneko Euskal Herriaz galdetzeko erreferentzia ere bada».

«Agirre lehendakaria guretzat ez da iraganeko Euskal Herriaren erreferentzia soilik, etorkizuneko Euskal Herriaz galdetzeko erreferentzia ere bada»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduren bozeramailea

EH Bilduko eledunak nabarmendu du aireportuek hori bera islatzen dutela, sarri herrialde baten sarrera eta irteera bide nagusiak direnez gero, balio dutelako «iristen denari nondik gatozen kontatzeko, baina baita hemen bizi garenoi zer izan nahi dugun galdetzeko ere». Eta gogora ekarri du munduan ez ezik, gertuan ere badirela adibideak: Kataluniakoa eta Galiziakoa aipatu ditu bereziki. Otxandianok azpimarratu du izendapenak berak bakarrik ez duela ezer aldatuko, baina iritzi dio mezu argi bat eman dezakeela, hala gizarteari nola erakundeei begira.

Forma kontua

EH Bilduren proposamenarekin eta haren helburuarekin ados egonagatik ere, EAJk eta PSE-EEk ñabardurak egin nahi izan dizkiete, hala Otxandinok esandakoei, nola testuari. Joseba Diez Antxustegik ez du Agirreren legatuari buruzko talkan sakondu nahi izan; aitzitik, eskertu egin dio EH Bilduri proposamena aurkeztu izanagatik: proposamen «egokia» eta «zentzuzkoa» dela esan du, eta bat egiten duela Jaurlaritzako lehen lehendakariaren ondarea gaur egunera ekartzeko koalizio subiranistak egindako eskaerarekin. Ordea, adierazi du ezin direla orduko eta gaur egungo garaiak alderatu, eta aintzat hartu behar direla Agirrek ez ezik haren gobernuak ordezkatzen zituen «balio guztiak».

«Autogobernuaren defentsa, herri baten duintasuna, ezberdinen arteko elkar ulertzea, bakea, askatasuna, justizia soziala. Balio horiek guztiak, guk, talde politiko bezala beti defendatu eta aldarrikatu izan ditugunak», esan du. Hala ere, «ezberdintasunak» ere ikusi ditu Diez Antxustegik testuan, baina «forma kontua» omen. Izan ere, zehaztu du jatorrizkoan eskaera Espainiako Gobernuari zuzenduta zegoela, baina zentzuzkoena sortu berria den aireportuen kudeaketarako aldebiko organoari egitea dela, Jaurlaritzak ordezkaritza duelako bertan; eskaera gobernuak berak egitea nahi du. Azken erabakia Aenari baitagokio.

«Agirreren figura oroimenera ekartzeaz gain, bere gobernuaren balioak ere aipatu behar dira. Balio horiek guztiak, guk, talde politiko moduan, beti defendatu eta aldarrikatu izan ditugunak» 

JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGI EAJren bozeramailea

Zehaztapen horrekin bat egin du Susana Corcuera sozialistak ere. Baina hark beste bat ere egin nahi izan dio testuari: aitortza gobernu osoari egitea, eta ez soilik Agirreri: «Sozialistontzako ñabardura hori garrantzitsua da; izan ere, Agirreren lidergoa eztabaidaezina izan bazen, garrantzitsua eta bidezkoa da lehen Eusko Jaurlaritza osoa gorestea». Hala aipamen berezia egin die bere hitzartzean Jaurlaritza hartan ziren sailburu sozialistei, baita fusilatua izan zen Alfredo Espinosari eta Bigarren Errepublikako ministro Indalecio Prietori ere.

Abstentzio kritikoa

Vox ez gainerako alderdiak ere ados agertu dira proposamenarekin, baina horiek ere ñabardurekin. Sumarrek abstentziora jo du bi proposamenetan, kezka duelako EAJk ez ote duen izendapena bere egingo «interes alderdikoetarako» erabiliko, Jaurlaritza hura bazter utzita. Jon Hernandezek azpimarratu du Agirreren legatua ezin dela zalantzan jarri, baina adierazi du lehen Jaurlaritzaren 90. urteurrenak «errelatotik kanpo» geratu direnak gogoratzeko ere balio beharko lukeela. Horien artean kokatu ditu, besteak beste, sindikatuak, milizianoak eta gudariak.

Alderdi Popularrak ere «helburu politikoak» ikusten ditu izendapenaren atzean, eta horregatik abstenitu da. Popularrek, ordea, EAJren aurka egiteko baliatu dute eztabaida. Santiago Lopezek jeltzaleei leporatu die «EH Bilduren atzetik» joatea, eta «aginteari eustea» ez beste helbururik ez izatea. Espainiarekin ere lotu nahi izan du izendapena Lopezek, baina Bakartxo Tejeriak oharra egin dio, eta une batez zer esan ez zekiela ere geratu da. Ñabardura urrunegi zihoalakoan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA