Herenegun iluntzean, gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso zion haren etxean, Bilbon. Ertzaintzak gizona atxilotu zuen, hilketa saiakera egotzita; Gurutzetako ospitalean hil zen emakumea. Bada, atxilotua polizia etxean daukate oraindik, epailearen aurrera eramateko zain, Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez.
Hilketa salatzeko, Bilboko mugimendu feministak eta Emakumeen Mundu Martxak gaur egingo dute protesta Bizkaiko hiriburuan, 18:00etan, Indautxu plazan. Gasteizen ere gaur egin dute mobilizazioa, 12:30ean. Atzo iluntzean atera ziren kalera Donostian eta Iruñean, eta Baionan, bestalde, astelehenean egingo dute elkarretaratzea, 18:00etan, Merkatu plazan.
Biansi Nadieska zuen izena hildako emakumeak, 34 urte zituen, eta 4 urteko haur baten eta 6 urteko beste baten ama zen; haien aurrean gertatu zen erasoa. Gizonak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen, baina etxe berean bizi ziren. Bilboko Indautxu auzoan gertatu zen erasoa, Marcelino Oreja kalean.
Etxebizitzan bizi zen beste emakume batek eman zuen abisua, 20:00etan, Espainiako Poliziaren egoitzan —erasoa gertatutako tokitik oso hurbil dago—. Poliziak etxera iritsi zirenean, gizona emakumea sastakatzen ari zen. Ordurako, emakumeak zauri larriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; han zendu zen. Ertzaintzak hartu zuen ikerketa bere gain.Â
«Emakumeak ez zeukan babesgune izango zen etxebizitzarik bermatuta. Lehentasunezkoa da indarkeria matxista jasaten duten emakumeek babes logistiko eta profesionala bermatuta eduki dezaten borrokatzea»
ITAIA EMAKUMEEN ANTOLAKUNDE SOZIALISTA
Erasotzaileak 47 urte ditu, eta aurrekariak zituen genero indarkeriagatik. Hain zuzen, hil duen emakumearengana hurbiltzeko debekua ezarria zioten, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez: «Ustezko hiltzaileak urruntze agindu bat zuen, baina, hala ere, etxe horretan bizi zen, berak bizitza lapurtutako emakumearekin».
Are, Zupiriak azaldu zuen biktima Ertzaintzaren babespean zela, eta haren egoeraren «jarraipen etengabea» egiten ari zirela genero bortizkeriaren alorreko poliziak; dena den, ez zekiten biktima eta erasotzailea elkarrekin bizi zirenik, «emakumeak hainbatetan ukatu baitzuen», eta kasua arrisku apalekotzat zuen Ertzaintzak.
«Instituzioen mugak»
Bilbon egin zituen adierazpen horiek Segurtasun sailburuak, hilketa gaitzesteko udalak deitutako elkarretaratzean. Erakunde publikoek «irmoki gaitzetsi» dute hilketa, eta Bilboko Udalak baieztatu du herri akusazio gisa aurkeztuko dela auzibidean.
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean, Plaza Biribilean, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Itaiak nabarmendu zuen Bilboko hilketak agerian utzi dituela «instituzioen mugak», besteak beste, erasotzaileak urruntze agindua urratzen zuelako, beste kasu batzuetan ere gertatu izan denez.
Itaiak kezka agertu zuen biktima eta erasotzailea elkarrekin bizi zirelako: «Emakumeak ez zeukan babesgune izango zen etxebizitzarik bermatuta. Lehentasunezkoa da indarkeria matxista jasaten duten emakumeek babes logistiko eta profesionala bermatuta eduki dezaten borrokatzea».
Bestalde, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina atzo amaitu zen, eta EH Bilduk bertan behera utzi zituen atzoko prestatuak zituen ekitaldiak, baita Iruñeko Labrit pilotalekuan egitekoa zuen amaiera ekitaldia ere. Gainerako alderdiek agendari eutsi zioten, eta, hilketa salatzearekin batera, hautesleei helarazi nahi zizkieten azken mezuak zabaldu zituzten.

