1.600 manifestari inguru bildu dira Baionan, «austeritatearen kontra»

Pirinio Atlantikoetako departamenduko intersindikalak deitua zuen manifestazioa Baionan; LABek salatu du deialdi bateratutik beste behin ere «baztertua» izan dela. Soldatapekoen zergak pixka bat arintzea aztertzen ari da Frantziako Gobernua.

Intersindikalaren banderola, gaur goizeko manifestazioan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Intersindikalaren banderola, gaur goizeko manifestazioan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko urriaren 2a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Borroka zikloak aitzina egiten du Ipar Euskal Herrian: gaur goizean 1.600 bat lagun manifestatu dira Baionako geltokiko plazatik abiaturik, Frantziako Gobernuaren «austeritatearen» kontrako aldarria berresteko. 

Duela bi asteko mobilizazioan bezala, Pirinio Atlantikoetako departamendurako egina zuten deialdi bateratua CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek. Hortik at da LAB, baina hark ere deialdia zabaldu zuen. Mobilizazio zikloa irailaren 10ean abiatu zen, blokeatze egunarekin. Irailaren 18an manifestazioa ere izan zen, intersindikalak deiturik, eta bigarrena izan da gaur goizekoa.

Hiru aste pasatu dira Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministro izendatu zuela Emmanuel Macron presidenteak, François Bayrouren segida hartzeko. Ordea, Lecornuk oraino ere ez du gobernu berririk izendatu; gaur goizean iragarri du igandea aitzin eginen dituela izendapenak, baina aitzineko gobernutik ez dela anitz aldatuko. 

Hain zuzen, aldaketarik eza salatzeko atera dira karrikara manifestariak. Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkariak erran du «presioa mantendu» behar dela, justuki «ezer ez delako mugitzen».

CGT sindikatua ere asea da azken urteetako politikekin: «Hirugarren eguna, ez baitzaie deus utzi behar gobernukoei. Patronatua bera iratzarri da, manifestatzea aurreikusten baitu bere abantailen mantentzea segurtatzeko. Hori dugu galdegiten: aberastasunen banaketa, gure zerbitzuak, lansariak eta erretretak ordaindu ahal izateko. Ez da arrazoirik kapitalaren mesedetan baizik ez dezagun lan egin. Gizartearendako lan egiten dugu», adierazi du sindikatuak.

Sindikatuek heldu den ostegunerako berriz mobilizatzera deitu dituzte sektore mediko-sozialeko eta funtzio publikoko langileak.

LAB intersindikaletik kanpo

Beste behin ere, LAB sindikatua deialdi bateratutik kanpo egon da, FOk ez ezik CGTk ere ez baitu intersindikalean onartu nahi izan. Dufauri iruditzen zaio arazoa Frantzia mailakoa dela, «Frantziako Estatua ultra-zentralizatua» delako eta ez duelako «politika birbanatzailerik martxan jartzen». Baina, bestalde ere, gogor mintzatu da tokiko sindikatuen kontra: «Argiki, intersindikalak eratzen direnean, Paristik eratzen dira, eta horretan ere ez dute nahi LABek bere tokia ukaitea manifestazioan edo gure borrokan orokorrean».

(ID_15377832) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-10-02, Baiona. Sindikatuen manifestazioa2025-10-02, Bayonne
LAB sindikatuaren banderola, gaur goizeko manifestazioan, Baionan. PATXI BELTZAIZ

Ipar Euskal Herrian intersindikalean antolatzen diren sindikatuei dei egin zien LABek joan den astean, baina Dufauk erran du CGT eta FO kontra posizionatu direla; FSU, Solidaires eta Unsa, haatik, alde.

Aspaldikoa da FOk atea hesten diola LABi, baina CGT juntatu zaio orain posizionamendu horri. «Lasai», erantzun nahi izan die Dufauk: «Frantzia mailako edo departamendu mailako intersindikalean ez dugu izan nahi, ez da gure borroka. Guk segitzen dugu errepikatzen intersindikala Ipar Euskal Herritik».

Mobilizazioen xedea da Frantziako Gobernuari presio egitea 2026rako aurrekontuan murrizketarik ez dezan egin. Kontu horien lehen zirriborroa gaur igorri dio Lecornuk Finantza Publikoen Goi Kontseiluari. Testu landuagoa espero da hilaren erdirako, baina lehen ministroaren inguruko iturriek aurreratu dute keinu bat egin nahi diela soldata apaleko langileei, eta haien errenta zerga txikituko duela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.