Argindarraren eta gasaren gaineko BEZa berriro %21era igoko da ekainean

Apirilean inflazioa apaldu izanak automatikoki eragin du zerga beherapen batzuk bertan behera geratzea. Erregaien gaineko zergak, ordea, %10ean jarraituko du, gutxienez ekain amaiera arte.

Argindarra eta gasa merkatu egin dira azken hilean. EDUARDO OYANA / EFE
Argindarra eta gasa merkatu egin dira azken hilean. EDUARDO OYANA / EFE
Iker Aranburu.
2026ko maiatzaren 14a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranen aurkako erasoak ekarritako inflazioaren igoerak etenaldi bat izan du apirilean. Hego Euskal Herrian, %3,4koa zen inflazioa martxoan, eta apirilean %3,1era apaldu da, neurri handi batean, energiaren garestitzeari muga bat jartzeko haien gaineko zergak gutxitu zituelako Espainiako Gobernuak, martxoaren erdialdean. Baina jaitsiera horrek berak eragingo du zerga beherapenetako batzuk bertan behera geratzea. Horrenbestez, ekainaren 1etik aurrera argindarraren eta gasaren kontsumoaren gaineko BEZ zerga %21era itzuliko da berriro.

Erregaiaren gaineko zergak, ordea, %10ean jarraituko du, gutxienez ekainaren 30era arte. Argindarra eta gasa ez bezala, gasolioaren eta gasolinaren prezioak gorantz egin du apirilean ere, eta dagoeneko iaz baino %10,4 garestiago daude. Garestitzea are handiagoa zatekeen baldin eta haien gaineko zergak murriztu izan ez balira.

Halaber, beste neurri batzuek ere indarrean jarraituko dute: elektrizitate sorkuntzaren gaineko %7ko zerga bertan behera dago oraingoz, eta halaxe segituko du —enpresek ordaintzen dute—; argindarraren bonu sozialaren deskontuak handiagoak izango dira —%42,5 kontsumitzaile zaurgarrientzat, eta %57,5 oso zaurgarrientzat—; eta garraiolariek eta nekazariek beherapenak eskatu ahal izango dituzte erregaiaren prezioan.

Martxoaren 21ean Espainiako Gobernuak onartutako dekretuak berak zekarren klausula batek esaten zuen zergak ohiko mailara itzuliko zirela prezioak bilakaera normalera itzultzen baziren. Argindarrean eta gasean hala gertatu da. Hego Euskal Herrirako datu zehatzik ez du ematen INEk, baina Espainiakoek diote argindarra %4,3 merkatu zela apirilean, eta gasa, berriz, %9,6, energia berriztagarrien ekarpena oso handia izan zelako hilabete horretan. Are gehiago, bi elementu horiek eta ura —batera neurtzen ditu INEk erkidegoetako datuetan— iaz baino %0,5 merkeago egon ziren apirilean.

Gasolioa %26 garestitu da

Erregaietan, ordea, argi eta garbi ikusten da Ormuzko itsasartearen itxierak zer-nolako kaltea egin dion hornidurari, eta, horrenbestez, baita prezioei ere. INEren arabera, erregaien inflazioa handitu egin da: martxoan %7,1 zen, eta apirilean, %10,4.

Dieselean antzeman da gehien garestitzea, Persiar golkoko findegiak direlako hornitzaileetako bat, eta, hortaz, haren eskasia handiagoa delako. Hori dela eta, otsailean batez beste gasolio litroa 1,428 euroan salerosi zen Hegoaldean, eta 1,798 euroan, apirilean. Hau da, bi hilabete eskasean 37 zentimo edo %26 garestitu da, nahiz eta tarte horretan haien gaineko zergak beheratu egin diren. Ipar Euskal Herrian, esaterako, zergetan ez da aldaketarik izan, eta dieselaren prezioa 48 zentimo handitu da (%28).

Gasolinaren horniduran ez da halako arazorik, eta, hortaz, sei zentimo baizik ez da garestitu otsailetik apirilera (%4,2). Are gehiago, martxotik apirilera 11 zentimo merkatu da, zerga jaitsieraren ondorioz —Iparraldean sei zentimo garestitu da tarte horretan—. 

Azpikoa, kontrolpean

Energia alde batera utzita, inflazioak ez du oraingoz neurrigabeko igoerarik izan, nahiz eta egia den energiaren garestitzearen ondorioak ikusteko denbora bat behar izaten dela. Horrela, azpiko inflazioa —elikagaiak eta energia aintzat hartzen ez dituena—  bi hamarren jaitsi da apirilean, %2,7raino, eta ez dago oso urruti iazko batezbestekotik (%2,5).

Elikagaiak izan ziren 2025ean inflazioaren osagai nagusia, baina haien prezio igoera apaltzen ari da. Otsailean %4,2ra iritsi zen elikagaien inflazioa, %3,4ra martxoan, eta beste koska bat egin du behera apirilean, %3,1eraino. 

Azken urtean gehien garestitu den elikagaia arrautzak dira, duela urtebete baino %15 gehiago ordaindu behar baita haien truke. Baina kontuan hartu behar da iaz haien garestitzea %20 eta %25 artean izan zela, hornidura arazoak direla eta.

Nazioarteko merkatuetan eta Euskal Herrikoetan behiki soberakin handirik ez dago, eta horren ondorioz duela urtebete baino %14,9 garestiago dago hura ere.

%2,8

Fruta zenbat merkatu den. Aurreko urteetako garestitze handiaren ondorioz, olioak eta azukreak denbora bat daramate merkatzen, eta orain talde horretara batu da eguneroko saskian pisu handia duen beste elikagai bat: fruta freskoa. Duela urtebete baino %2,8 merkeago dago orain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA