Balenciaga ontziolako langileak lanera itzuli dira

Ontziolak urtebete pasatxo eman du itxita. Abenduan adostu zituzten lan baldintzak enpresaren jabe berriarekin, eta, orain, Norvegiarako bi itsasontzi egitea izango dute lehen lana.

Balenciagako pare bat langile ontziolako atarian, gaur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Balenciagako pare bat langile ontziolako atarian, gaur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 12a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Langileek aparkatu dituzte ibilgailuak atarian, piztu dituzte lantegiko argiak, eta jantzi dituzte lan jantziak eta kaskoak. Edozein enpresatan eguneroko kontua dena albiste da gaur Zumaiako Balenciaga ontziolan (Gipuzkoa). 2024ko abendutik ez da langileen joan-etorririk izan han, baina, bide malkartsu baten ostean, abenduan adostu zituzten lan baldintzak jabe berriarekin, eta gaurkoa astelehen ezberdina izan da lantaldeko 59 lagunentzat.

Jabe berri hori Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoa da: herrialde hartako bi enpresaz osatua dago, eta 11,2 milioi euroren truke erosi du ontziola. Azaroan itxi zen salerosketa operazioa, eta langile batzordeak eta jabe berriek hilabete geroago sinatu zuten lan baldintzei buruzko akordioa. Langileek urtarrilaren 1etik dute kontratua talde berriarekin.

Haren arabera, soldatak %5 apalduko dizkiete, hiru urtez izoztuta izango dituzte, eta salerosketa egin aurretik enpresan zegoen lantaldeak jarraituko du lanean. Lehenengo urratsa izango da lantegia berriz martxan jartzea. Gaur egun, bi eskaera dituzte lan zorroan: Norvegiarako bi itsasontzi.

Istorio luzea

Balenciaga ontziola, enpresa garrantzitsua izateaz gain, sinbolo bat ere bada Zumaiarentzat eta Urola Kostarentzat. Zumaiako herrigunearen parean dago, ehun urte baino gehiagoko historia du —1921. urtetik dago martxan—, eta euskal kostaldean garrantzi handia izan duen sektore baten azken ordezkaria da Gipuzkoan.

Zenbait hamarkadatan Europako ontzigile pribatu nagusietako bat izan da, baina gauzak zaildu egin zaizkio azken urteetan. Lehen, nagusiki petroliontziak egiten zituen Balenciagak, baina, horien eskariak behera egin zuenean, merkatu berrien bila hasi zen enpresa. Topatu, topatu zituen —arrantza industriarako ontzietan eta ikerketa ozeanografikoko barkuetan espezializatu zen—, baina, langileek azaldu izan dutenez, eskari asko «konplikatuak» ziren, puntako teknologia zuten ontziak egin behar baitziren, entrega epeak ez ziren egokiak eta arazo tekniko ugari izan ziren tartean. 

Pandemia ailegatzeak are gehiago zaildu zuen egoera, eta, lanik falta ez zitzaien arren, ontziak egiten segitzeko dirurik gabe geratu ziren. Orduan agertu ziren itxieraren mamuak ontziolan:

2022. urtea. Egiten ari zen hiru ontziak finantzatzeko dirurik gabe geratu zen Balenciaga. Langileek erabaki zuten kobratu gabe ere lanean jarraitzea, ekoizpena bertan behera uzteak galera handiak eragingo baitzituen. Beraz, enpresak armadoreen diruarekin amaitu zituen hiru barku haiek. Garai hartan berrehun langile inguru zebiltzan ontziolan. 

Urte hartan bertan, Cofides sozietate publiko-pribatuak finantzaketa eman zien pandemiaren ondorioz kaudimen arazoak zituzten enpresei, eta, besteak beste, Balenciagari: hamabi milioi euroko mailegua jaso zuen.

2024. urtea. Zuzendaritzak ez zuen topatu zorra finantzatzeko modurik. Gainera, eraikuntzaren azken fasean zegoen itsasontzi baten kontratua hausteak galera handiak eragin zizkion enpresari, eta eskariei aurre egiteko gaitasuna kendu.

Balenciaga ontziola, Zumaiako herrigunearen parean. GORKA RUBIO / FOKU
Balenciaga ontziola, Zumaiako herrigunearen parean. GORKA RUBIO / FOKU

2024ko uztaila. Balenciagak beste bi itsasontzi eraikitzeko kontratu bat sinatu zuen, baina auzitan zegoen lan hori finantzatu ahal izango zuen, aldi berean zorra ordaindu behar bazuen.

2024ko abuztuaren 1a. Ontziolako 71 langileak ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean sartu ziren.

2024ko urriaren 8a. Ontziolak salbamendurako plan bat atontzea lortu zuen, eta egitasmoak Donostiako merkataritza auzitegiaren oniritzia jaso zuen. Horri esker, hartzekodunen konkurtsoari izkin egin zion enpresak. 

Egitasmoaren helburua zen 80 milioi euroko zorra itzultzeko epeak atzeratzea, lan kostuak txikitzea ere bai, eta kontratazio gehiago ixtea. Balenciagarenak berarenak ziren bi kargaontzi handi saltzeko asmoa barne hartzen zuen planak: horien salmentaren dirua baliatu nahi zuten zorroan zituzten eskariak abian jartzeko.

2024ko azaroaren 21a. Enpresak ez zuen lortu berregituraketa plana aurrera ateratzea, Cofides hartzekodunaren ezezkoarengatik, eta hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen, zorrari aurre egin ezinda. COVIDak kalte egindako enpresak birkapitalizatzeko funtsak (Fonrec) ez zuen onartu epaileak homologatutako plana.

Langile batzordeak adierazi zuen egoera enpresa gaizki kudeatzearen ondorio zela, eta kontuak eskatu zizkien erakunde publikoei, bereziki Espainiako Gobernuari, Cofidesen arduraduna izanik.

Balenciagako langileen agerraldia ontziolan, 2024ko azaroaren 26an. GORKA RUBIO / FOKU
Balenciagako langileen agerraldi bat ontziolan, 2024ko azaroaren 26an. GORKA RUBIO / FOKU

2024ko azaroaren 26a. Agerraldia egin zuten langileek Zumaian. Egoeraz «nazkatuta» zeudela esan zuten, eta gaineratu politikariek nahi izanez gero enpresak bazuela etorkizuna. Kontatu zuten zenbait hilabetez dirurik jaso gabe egin zutela lan, eta ordu hartan bost ordainsari zor zizkiela enpresak. Seinalatu zuten Cofides zela hartzekodunen konkurtsoaren eta ixteko arriskua izatearen erantzule nagusia, eta finantzaketa soilik falta zela ontziola bideragarri egiteko.

2024ko azaroaren 28a. Balenciagako langile batzordeak bilera bat izan zuen Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Zumaiako Udalarekin, eta alde guztiek iritzi zioten proiektuarekin jarraituko zuen inbertsiogile industrial bat izatea zela irtenbidea. Jaurlaritzak inbertsiogile hori bilatzeko konpromisoa agertu zuen, eta gaineratu zuen Euskal Herrikoa izatea nahiago zuela, aukeran: «Eta horretarako modurik ez badago, beste aukera batzuk zabalduko dira, proiektua eta enplegua babesteko».

2024ko azaroaren 29a. Balenciagako langile batzordearekin elkartu zen Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkaria, eta esan zuen dena ez dela «zuria edo beltza» Cofidesek berregituraketa planari emandako ezezkoan. Ontziolarentzako irtenbidea «erakunde guztien artean» topatu behar zela ere esan zuen. 

Egun berean, iluntzean, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Zumaian. 

Balenciaga ixtearen aurkako manifestazioa Zumaian, 2024ko azaroaren 29an. GORKA RUBIO / FOKU
Balenciaga ixtearen aurkako manifestazioa Zumaian, 2024ko azaroaren 29an. GORKA RUBIO / FOKU

2024ko abenduaren 4a. Langileek protesta egin zuten Gasteizen, eta erakundeei lan mahai bat osatzeko eskatu. Horren bitartez, enpresa ez ixteko modua egin nahi zuten.

2024ko abenduaren 17a. Balenciaga ofizialki sartu zen hartzekodunen konkurtsoan, eta jakinarazi zuten PKF Attest enpresak kudeatuko zuela prozesua. Ikuskatzaileak bi hilabeteko epea zuen ontziolaren egoeraren inguruko txosten bat osatzeko. Bien bitartean, inbertitzaile bila segitu zuten.

2025eko urtarrilaren 21a. Langile batzordea, zuzendaritza eta epaileek ezarritako kudeatzaileak bildu, eta langileei jakinarazi zieten luze gabe» abian jarriko zutela lantalde osoaren kontratuak eteteko erregulazio txosten bat. Kudeatzaileek argudiatu zuten ontziola erosteko interesa zuten enpresak egon bazeudela, baina ez zutela eskaintza irmorik egin, eta Cofides funtsak bideragarritasun plana onartu ezean ez zegoela zereginik. 

Administratzaileak jakinarazi zuen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea martxoaren 31ra arte luzatuko zela.

Balenciagako langile bat ontziolaren kanpoaldean protestan, 2024ko abenduaren 13an. JUAN HERRERO / EFE
Balenciagako langile bat ontziolaren kanpoaldean protestan, 2024ko abenduaren 13an. JUAN HERRERO / EFE

2025eko martxoaren 3a. Langileek agerraldia egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta PSE-EEko batzarkide Maria Jose Egidok iragarri zuen dirua jartzeko prest zeuden bi inbertitzaile zeudela, «bertakoak eta nazioartekoak», baina oraindik ez zutela taxuzko proposamenik aurkeztu.

2025eko martxoaren 7a. Cofides sozietateak 15 milioitik 8,5 milioira murriztu zion zorra Balenciagari, hura erakargarriago egiteko. Epaileak oniritzia eman zion Cofidesen erabakiari.

2025eko irailaren 12a. Donostiako Merkataritza Arloko Lehen Epaitegiak oniritzia eman zion Balenciaga erosteko eskaintza bati. Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Ports taldeak egin zuen eskaintza, 11,2 milioi eurorena, eta lanpostuei eutsiko ziela iragarri. Ontziolak 21,5 milioi euroren zorra zuen oraindik ere, eta arabiarrek konpromisoa hartu zuten haren %30 ordaintzeko, 7,1 milioi euro.

Jaurlaritzak begi onez ikusi zuen mugimendua, eskaintza egin zuena «inbertsore sendoa» zelako: «Egiaztatutako kudeaketa ahalmena du, eta baldintzak betetzen ditu». Langileek zuhurtziaz hartu zuten albistea, gauzek okerrera egingo zuten beldur baitziren.

2025eko azaroaren 30a. Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Ports eta Premier Marine konpainiek salerosketa protokoloa sinatu zuten, eta Eusko Jaurlaritzak egintzat eman zuen operazioa. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta langile batzordeak, ordea, zuhurtzia eskatu zuten berriro, langileekin akordioa egitea falta baitzen oraindik.

Balenciagako langileen agerraldia 2025eko abenduaren 11n. JON URBE / FOKU
Balenciagako langileen agerraldia 2025eko abenduaren 11n. JON URBE / FOKU

2025eko abenduaren 11. Beharginek agerraldia egin zuten, eta kontatu ontziola erostear zen taldeak zazpi kaleratze egin nahi zituela, eta soldatak %25 jaitsi. Proposamen horri ezezkoa eman, alternatiba bat eskaini, eta erakundeen jarrera gaitzetsi zuten, salerosketa egintzat emateagatik.

2025eko abenduaren 18a. Langileek, asanbladan, atzera bota zuten inbertsio taldearen azken eskaintza. Salmentak blokeatuta segitu zuen. 

2025eko abenduaren 20a. Balenciagako langileek eta talde inbertitzaileak itun bat erdietsi zuten ontziola saleros zedin. Langileek soldatak %5 jaistea onartu zuten, eta 59 kontratu subrogatzea.

2026ko urtarrilaren 12a. Lanera itzuli dira Balenciagako langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.