Bizkaiko gasolindegien mahaian euskaraz negoziatzeari uko egitea egotzi die ELAk patronalari eta CCOOri

Ez dute ELAk eskainitako itzulpen zerbitzua erabili nahi izan eta bilerarik ez da egin.

Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaian egin zen euskaraz jarduteko lehen saioa, irailaren 3an.  ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaian egin zen euskaraz jarduteko lehen saioa, irailaren 3an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 15a
15:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan hitzarmenen negoziazioetan euskaraz jarduteko hirugarren saioak porrot egin du. Bizkaiko metalgintzan eta esku hartze sozialeko mahaietan euskaraz jardun ahal izan zuten hala nahi zutenek. ELAk eskainitako itzulpen zerbitzuaren aukera izan dute gaur ere Lan Harremanen Kontseiluan, baina lurralde hartako gasolindegien itunaren bilera ez da egin ahal izan, sindikatu haren arabera patronalak eta CCOOk uko egin diotelako bileran segitzeari.

Udatik bueltan lan hitzarmenen negoziazioetan euskaraz jardungo zuela iragarri zuen ELAk, uztailean, eta Lan Harremanen Kontseiluari eskatu zion beharrezkoa zenean itzulpen zerbitzuak ematea. Erakunde horrek ez du, ordea, halakorik egin ordutik, eta sindikatuak berak jarri ditu itzultzaileak, erdaldunek hizlari euskaldunen hitzak uler zitzaten.

Metalgintzan, FVEM patronaleko kideek ez zuten laguntza hori erabili nahi izan, baina bilerak aurrera egin zuen. Bizkaiko esku hartze sozialeko mahaian, berriz, itzultzaileen laguntzarekin egin zuten bilera. 

Gasolindegietako hitzarmenaren negoziazioaren bilera, ordea, berehala eten du hizkuntzaren auziak. ELAren arabera, patronalaren eta CCOOren jarrera «euskarafoboek» eragotzi dute bilera. Sindikatuak agiri baten bidez azaldu duenez, LHKk ez du aldi bereko itzulpenik eskaini, baina ELAk berak egin du, «parte hartzaile guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko». Patronalak eta CCOOk, ordea, uko egin diote bilera egiteari parte hartzaile batzuek euskaraz eginez gero. 

Are gehiago, ELAk ziurtatu du CCOOko ordezkariak ukatu egin duela negoziatzaileek euskaraz aritzeko eskubidea dutela, ondorengo argudioak erabiliz, gaztelaniaz noski: «Zer ari zarete orain, gobernuz kanpoko erakunde baten moduan jokatzen?», eta «ez da inongo eskubiderik bortxatzen ari». Mezu horiek ere euskarafobotzat jo ditu ELAk.

LHKren jarrera ere kritikatu du Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak. «Erakunde publikoen egitekoa da herritarren hizkuntza eskubideak babestea eta onartezina da azaldutakoa bezalako eraso baten aurrean sindikatu euskaltzaleei inongo babesik ez eskaintzea. Egoera honen aurrean, ELAk galdetzen du: ondorengo negoziazioetan berdin jardungo du?».

UGTren iritzia

Raul Ayuso UGTko ordezkaria ere haserre azaldu da, baina patronalarekin bakarrik, haren ustez «euskara aitzakia bihurtu duelako negoziazioa blokeatzeko». Sindikatu horrek babestu egiten du lan hitzarmenen negoziazioa «EAEko edozein hizkuntza ofizialetan» egin ahal izatea, baina, aldi berean, «zentzuz jokatzeko» eskatu du, «mundu soziolaboralean euskara sustatzea ez dadin izan lan eskubideen aurkako arma bat, negoziazioak luzatzeko estakurua bihurtua». 

Ayusok gaineratu duenez, soldata eguneratzeak «irrikaz itxaroten dituzten pertsona asko daude», eta horregatik salatu du negoziazioak blokeatzea edo atzeratzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA