BSHko langileek ziurtatu dute «irentsezina» dela lantegia ixteko enpresak emandako arrazoia

Zuzendaritzaren arrazoiak ukatzen dituen txosten batekin agertuko dira datorren asteko bilerara. Langileek «infernua» bizi dute duela sei hilabetetik, eta jada 88 gaixo baimenarekin daude.

BSHko langileen pankarta bat, gaurko protestan, Ezkirotzen. IÑIGO URIZ / FOKU Ezkirotz
BSHko langileen pankarta bat, gaurko protestan, Ezkirotzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 20a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hitz bakar batean definitu dute BSHko langileek zer iritzi dioten zuzendaritzak enpresa ixteko emandako argudioari buruz: «Irentsezina da». Enpresarekin erregulazio espedientearen inguruko lehen bilera izan ondoren, aurreko tesiari eusten diote Ezkirozko (Galar, Nafarroa) plantako langileek. Haien arabera, BSHk lantegiari eutsi behar dio inbertitzaile bat agertu arte. Hori da Nafarroako Gobernuaren jarrera ere.

Joan den asteartean hasi zen erregulazio espedientearen negoziazioa, Irurtzungo hotel batean. 649 langile kaleratzeko asmoa azaldu zuen, bero ponpen ataleko hemezortzi langileak eta partzialki erretiratutakoak dosierretik at geratuko direlako. Gainera, prest dago 48 lanpostu eskaintzeko Espainian dituen hiru lantokietako batean —Zaragozan bi eta Santanderren bat—. 

Kalera joango diren langileei lan urte bakoitzeko hogei eguneko soldata adinako kalte ordaina eskaini die Alemaniako multinazionalak. Kopuru hori legeak arrazoi objektiboetarako finkatzen duen gutxienekoa dela gogorarazi du Juanjo Hermoso de Mendoza (LAB) langile batzordeko presidenteak, gaur goizean Ezkirozko lantegiaren aurrean batzordeko beste kideekin eta langile talde batekin egindako agerraldian. Hermoso de Mendozak nabarmendu duenez, kalte ordaina «ez dator bat sekulako mozkinak dituen enpresa batekin».

Langileen ordezkariek ziurtatu dute Ezkirozko lantegia «deslokalizazio argi eta garbi bat» dela, eta halakotzat jo duela Europako Batzordeak berak. Fabrika ixteko enpresak zer argudio eman dute ez dute azaldu, baina arrazoi horiei erantzuten dion beste txosten batekin joango dira erregulazioaren hurrengo negoziaziora, hilaren 25ean.

Langileen osasunak, okerrera

2024ko Eguberrien atarian iragarri zuen Alemaniako etxetresnen egileak Nafarroako lantegia urte erdiko epean itxiko zuela. «Sei hilabeteko infernua izan da», azaldu du Hermoso de Mendozak, tarte horretan enpresak «jarrera erabat gizagabea» izan duelako. Kontatu duenez, prozesuaren hasieran langileen %4,9 zeuden gaixo baimenarekin, baina dagoeneko %13,5 dira, 88 langile hain zuzen ere. Gaineratu duenez, portaera hori ez dator bat multinazionalak Balay markaren publizitatearen bitartez saldu nahi duen irudiarekin; «faltsua da, benetako iruzurra».

BSH Ezkirotz
Ezkirozko BSHko langileen batzordea, gaur, lantegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU

Itxiera prozesuaren azken faseak Iruñeko sanferminekin bat egingo duela gogorarazi du Hermoso de Mendozak: «Hilabete baino gutxiago falta da mila familiaren etorkizuna erabakitzeko, eta horrek bat egingo du guretzat hain bereziak diren egunekin, sanferminekin». Festa horiek baliatuko dituzte beren ahotsa entzunarazteko. «Gizarteari eskatuko diogu geure borrokarekin bat egin dezala».

Irujok «gizatasun falta» egotzi dio BSH-ko zuzendaritzari

Nafarroako Gobernuak bat egiten du langileen eskaera nagusiarekin, eta hark ere eskatu dio BSHri inbertitzaile bat agertu aurretik fabrika ez ixteko. Eskaera hori berritu du Mikel Irujo Industria kontseilariak, BSHren Alemaniako buruzagitzari bidalitako gutunean. Eskutitz horretan, «gizatasun falta» eta «enpresen etiken aurka jokatzea» egotzi dio Irujok zuzendaritzari, eta gogorarazi dio bere webgunean esaten duela enplegatuak direla enpresaren «aktibo nagusia». Ezkirozko fabrikak ez duela galerarik ere nabarmendu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.