«Borrokara ohitutako belaunaldi bat gara»

Pentsiodunek «betorik ez jartzeko» eskatu diete EAJri eta PSEri, eta bidea eman diezaiotela pentsioak osatzea xede duen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari. Argi dute ezezkoa jasota ere ez dutela eskaera albo batera utziko.

Pentsiodunen manifestazioa, Donostian, pentsioen osagarria eskatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Pentsiodunen manifestazioa, Donostian, pentsioen osagarria eskatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
Donostia
2025eko irailaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda amaierako larunbat goiz bero eta eguzkitsu bat Donostian. Herritar batzuk erosketak egiten, beste batzuk hondartzarako bidean, kirol jantziekin partida bat jokatzera doazen gazteak, Zinemaldiko akreditazioa paparrean batera eta bestera harro dabiltzanak, eta, nola ez, turistak. Bertakoek dagoeneko erreparatzen ez dieten gauzen argazkiak ateratzea gustuko dute, baina gaur eguerdian izan dute beren Donostiako esperientzia aberastuko dien beste irudi bat ere: haien aurretik, ehunka herritar, adin batetik gorakoak gehienak, peto gorriekin eta zapi urdinekin, «Jaurlaritza, pentsioak osatu!», «Gutxieneko pentsioa, gutxieneko soldataren pare!» eta antzeko oihuak botatzen. 

Ohiko irudiak dira horiek Hego Euskal Herriko kaleetan, duela ia zortzi urte pentsiodunak pentsio duinen alde mobilizatzen hasi zirenetik. Astelehena izan ohi da haien egun naturala, baina oraingoan larunbata aukeratu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) bere aldarrikapenerako. Gasteizen ere elkartu dira goizean, eta arratsaldean dute hitzordua Bilbon. Helburua? Eusko Legebiltzarreko kideei presio egitea, datorren ostegunean onar dezaten pentsioak osatzea xede duen herri ekinaldi legegilea (HEL) eztabaidatzea. 

Hamar mila sinadura nahikoak dira herri ekinaldi bat Gasteizko Legebiltzarrera iritsi dadin, baina pentsiodunek 145.000 bildu zituzten, beren eskariari indar gehiago emateko. Baina indar erakustaldi horrek agian ezer gutxirako balioko die, gaur-gaurkoz ez dirudielako HELa tramitatuko dutenik. Eusko Jaurlaritzak eztabaidaren aurkako iritzia eman du, eta pentsatzekoa da hura sostengatzen duten bi alderdiek beren gehiengoa erabiliko dutela HELari bidea ixteko.

Horregatik, pentsiodunek EAJ eta PSE estutu dituzte. «EAJ, PSE, betorik ez!», oihua sarri entzun da Donostiako kaleetan, eta manifestazioaren amaieran irakurritako agiria ere batez ere bi alderdi horiei zuzendutakoa izan da. «EAJri eta PSEri eskatzen diegu ez dezatela bere egin konprometitzen ez dituen gobernuaren erabaki bat, eta bozka dezatela hurrengo osoko bilkuran gure proposamena aintzat hartzearen alde, Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozka dezaten».

pentsiodunak 2
Pentsiodunen manifestazioa, gaur, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU

Imanol Pradalesen gobernuak emandako argudioek ez diete balio pentsiodunei, hau da, pentsioak osatzeko badagoela DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eta, gainera, pentsioak Espainiako Gobernuaren kontua direla. «Uzten badigute, frogatuko dugu DSBEa oso eskasa dela, eta [pentsioen osagarria] finantzatzeko dirurik ez dela falta; sobera dagoena zerga politika bidegabea da, eta enpresa handiei ematen zaizkien mesedeak», ziurtatu dute. 

«Euliek bezala egin beharko dugu»

Tolosatik heldu da Donostiara Iñaki Guridi, bere «obligazioa» delako «hilabete amaieran gaizki pasatzen duena» laguntzea. «Batzuek pentsio duin bat daukagu, beste batzuek ez, batez ere emakumeek eta alargunek. Geure aletxoa jarri beharko dugu denak gutxi gorabehera ongi egoteko», esan du. Guridik ez du asko espero ostegunean, baina ez dauka etsitzeko asmorik. «Zaila izango da; gobernuek hasiera batean beti ezezkoa ematen dute, baina mobilizazioarekin azkenean zerbait lortzeko esperantza badaukagu. Geure mezua zabaldu da, baina entzungor egiten diote. Euliek bezala egin beharko dugu: egin eta egin, eta halako batean amore emango dute». 

EHPMko ordezkariak osteguneko osoko bilkuran izango dira, eta haiei babesa ematen arituko dira beste ehunka edo milaka pentsiodun. Haien artean izango da Yolanda ere; Palestinako bandera bat eskuan duela doa manifestazioan, eta harro dio Gipuzkoan dagoeneko bost autobus bete dituztela hilaren 25ean Gasteizera joateko. Presioak zerbaitetarako balioko duen itxaropena badu, baina txikia: «Politikoei ez badiezu presio egiten, ez dute ezer egiten, baina presionatuta ere, batzuetan ez da lortzen».

«Bizikleta martxak egin ditugu, itxialdiak... ez dakit, agian gogorrago aritu beharko dugu. Ez daukagu beldurrik gauza batzuk egiteko»

MARIA SERRANO EHPMko bozeramaileetako bat

Legebiltzarrak HELari bidea ixteak ez du, ordea, pentsiodunen mugimendua itzaliko. «Ezezkoa ematen badute, gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskatzen jarraituko dugu guk», esan du manifestazioaren aurretik Maria Serrano bozeramaileetako batek. «Denbora daukagu, eta gogoa ere bai».

Serranok azaldu du EHPMko asanbleak erabakiko dituela hurrengo urratsak, eta ziurtatu du ez zaiela «imajinaziorik» falta. «Bizikleta martxak egin ditugu, itxialdiak... ez dakit, agian gogorrago aritu beharko dugu. Ez daukagu beldurrik gauza batzuk egiteko; ez dute gure aurka egingo, eta borrokara ohitutako belaunaldi bat gara». 

Sindikalista izandako asko ageri da EHPMren mobilizazioen lehen lerroan, eta gehiengo sindikalaren babesa jaso du mugimenduak. Hori erakusteko, Donostiako manifestazioan agertu dira Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, Amaia Muñoa haren albokoa, eta sindikatu horretako zuzendaritzako beste kide batzuk. Han izan da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra ere. 

Omenaldiak borrokari

Ohi bezala, Bulebarreko kioskoan amaitu da manifestazioa. Instintiboki itzal bila joandako manifestariei kioskoaren aurrean jartzeko eskatu die bozeramaileetako batek; «ez izan beldurrik eguzkiari!», esan du ahots indartsuaz, eta ondoren hasi dira manifestua irakurtzen. Bildutakoen bizitzari egindako omenaldi batekin amaitu da agiria: «Urte asko bizi izan gara, eta inork ez digu ezer oparitu. Eskarmentuak diosku bidea borroka dela badakien belaunaldi baten parte garela; diktaduraren aurka eta demokraziaren alde egin genuen, geure bizi eta lan baldintzak hobetzearen alde, pertsona guztien eskubideen alde eta aberastasunaren banaketa ekitatiboaren alde, eta horretan jarraituko dugu azken indar tanta ahitu arte».

Pentsiodunen borrokari omenaldia egin diete Beñat Gaztelumendiren bi bertsok ere, eta manifestariak sakabanatu ahala batu zaizkie Donostiako kantujirakoen ahotsei, Julen Lekuona zenaren doinuarekin. «Ez, ez dut nahi; ez, ez, ez; ez holako zibilizaziorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.