Amaitu berri den urtea uste baino hobea izan da makroekonomiari erreparatuz gero. Barne produktu gordinaren hazkundea moteldu egingo zela espero zen, eta hala gertatu da, baina ez uste bezainbeste. Eustaten lehen neurketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegokoa %2,3 hazi da aurreko urtearekin alderatuta; 2024an hazkundea %2,5era iritsi zela esan du erakunde horrek berak.Â
Hortik beherako aurreikuspena egin zuen duela urtebete Eusko Jaurlaritzak, %2,1ekoa hain zuzen ere. Ezkorrago agertu zen Laboral Kutxa, %1,8koa baizik ez baitzuen espero, eta ehuneko hori bera iragarri zuen Confebaskek ere. Hori bai, urteak aurrera egin ahala aurreikuspenak hobetu zituzten erakunde horiek guztiek, eta oraintsu %2,2koa izango zela ziurtatu zuten.
Iragarpen horiek guztiek, dena den, asmatu zuten hazkundearen moteltzeak ez zuela etengo enpleguaren sorrera. Hala agertzen da Gizarte Segurantzaren afiliazioaren datuetan ―18.000 Hego Euskal Herri osoan―, baina baita estatistika erakundeek egindako neurketetan ere. Eustatek dio %1,4 handitu dela enplegua, eta 14.000 enplegu gehiago daudela lanaldi osoko lanpostu baliokidetan neurtuta. Horretan ere aurreikuspenak gainditu dira: Confebaskek 12.000 lanpostu gehiago iragarri zituen.Â
Industria, ez hain pattal
Eustatek martxoaren 6an osatuko ditu gaur aurreratutako datuak, eta orduan zehaztuko du sektore ekonomiko bakoitzaren bilakaera. Baina aurreratu du 2025ean «desazelerazioa» izan dutela lehen sektoreak eta industriak, eta horren ondorio dela 2025ean BPGa gutxiago handitu izana.
Edonola ere, abenduaren hasieran, 2025eko hirugarren hiruhileko datuak eman zituenean, Eustaten datuek esaten zuten udako hilabeteetan suspertu egin zela industria: bigarren hiruhilekoan uzkurtu egin zen (-%0,3), baina %0,4 hazi da hirugarren hiruhilekoan. Urte arteko tasan ere bilakaera positiboa zuen, %0tik %0,3ra igaro baitzen —energia batuz gero, ordea, %0,2koa—.
Eraikuntzak eta zerbitzuek konpentsatu dute industriaren eta lehen sektorearen pattalaldia. Eraikuntza %5eko erritmoan hazten ari zen hirugarren hiruhilekoan, eta zerbitzuak, berriz, %2,9an.Â
2026ari begira, hazkundea pixka bat gehiago moteltzea espero dute berriro iragarleek. Eusko Jaurlaritzak abenduaren amaieran berritu zituen 2026rako espektatibak, eta iragarri zuen aurten EAEko ekonomia %1,9 dela haztekoa. Laboral Kutxa zuhurragoa izan zen, eta %1,8koa iragarri zuen EAErako eta Nafarroarako. Arrazoiak askotan aipatutakoak dira, hala nola nazioarteko egoera nahasia, protekzionismoa, biztanleriaren zahartzea eta trantsizio energetikoa.Â
Iragarpenak betetzen badira, aurten ere enplegua sortuko da, baina aurreko urteetan baino apur bat gutxiago. Inflazioak, berriz, behera egin beharko luke, eta %2ko mailara hurbildu.
Ikusi gehiago
Â