ELAk eta LABek bilera egin nahi dute Pradalesekin, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egin dezala eskatzeko

145.000 sinaduraren eta greba orokor baten ondoren Eusko Jaurlaritzak gizartearen nahiari bide eman beharko liokeela uste dute sindikatuek.

Martxoaren 17an egin zen gutxieneko soldata propioa eskatzeko greba orokorra. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Martxoaren 17an egin zen gutxieneko soldata propioa eskatzeko greba orokorra. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irune Lasa.
2026ko irailaren 25a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanbide arteko gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenarekin aurrera jarraitzen dute ELAk eta LABek, eta, bide horretan, beraiekin bilera bat egiteko eskatu diote Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

Bi sindikatuen aburuz, «bada garaia EAEko lehendakari Imanol Pradalesek dagokion lidergoa har dezan eta patronalari aurre egin diezaion, elkarrizketari ezarri dion betoa gainditzeko». Era berean, uste dute Pradalesek lan egin beharko lukeela «Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJ eta PSE-EEk, Eusko Legebiltzarrean emandako ezezkoaren norabidea aldatzeko».

1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldarriak 145.000 sinadura jaso zituen, baina hura izapidetzea eta eztabaidatzea ezetsi zuen legebiltzarrak, gaur duela urtebete. Horren ostean, martxoaren 17an greba orokorra egin zen. Horiei begira, ELAk eta LABek uste dute «euskal herritarren artean gutxieneko soldata propio baten aldeko babes zabala» dagoela, eta «hasteko 1.500 euroan ezartzeko adostasuna».

Baina, salatu dutenez, Confebask patronalak hirutan itxi dio atea gutxieneko soldata propioari buruzko negoziazioa zabaltzeari. «Patronalak langile prekarioak nahi ditu, are diru gehiago irabazi ahal izateko, eta EAJk eta PSE-EEk nahiago dute euskal langileei espainiartasuna inposatu, haien bizi baldintzak hobetu baino».

Azaldu dute EH Bildu prest dagoela gutxieneko soldata propioaren aldeko ekinaldia sustatzeko, baina ikusteko dagoela EAJk azkenean babestuko ote duen, jendaurrean «babestu egingo duela adierazi arren».

Torresi kargu hartzea

Pradalesekin egin nahi duten bilera monografiko horretan, ELAk eta LABek lehendakariari eskatuko diote, era berean, kargu har diezaiola Mikel Torres lehendakariorde eta Lan sailburuari. «Izan ere, hark uko egin dio ELArekin eta LABekin biltzeari, eta, gainera, mehatxu egin die Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartzen ez dutelako eta bertan Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalak zuritu nahi ez dituztelako».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA