«ELAren ekimenari esker, aurrerantzean ELAk eta hala nahi duten gainerako sindikatuek eta patronalek euskaraz negoziatzeko aukera izango dute». Hala mintzatu dira ELAko ordezkari Pello Igeregi eta Arrate Elkoro LHK Lan Harremanen Kontseiluak hartu berri duen konpromisoaren inguruan. Izan ere, ELAk urratzen hasitako bideari jarraitu, eta LHKk itzulpen zerbitzua eskainiko du aurrerantzean lan negoziazio guztietan. Hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan gatazketan euskaraz negoziatu ahalko du hala nahi duenak.
Uztailaren 7an egin zuen urratsa ELAk, eta jakinarazi zuen sektoreko negoziazioak euskaraz egingo zituela. Orduz geroztik, aldibereko interpretazio zerbitzua eskaini du sindikatuak, erdaldunak direnek negoziazioetan esandakoak uler ditzaten. Hala ere, hasieratik dei egin diote Jaurlaritzari egiteko horretaz arduratu dadin, iritzi baitiote Jaurlaritzari berari dagokiola baliabide horiek eskaintzea.
Horiek horrela, Igeregik nabarmendu du eurek emandako pausoari esker erabaki duela LHKk itzultzaile zerbitzua eskaintzea. Hala adierazi du gaur ELAko euskara eta negoziazio kolektiboko arduradunak, Bilbon: «Euskararentzat eremu berri bat lortu dugu». Halere, esan du ez dagoela argi noiz helduko diren itzulpenerako baliabide horiek.
Bide horretatik, Elkorok adierazi du ELAren saiakerak «argi» utzi duela «beharrezko baliabideak jarriz gero euskaraz normaltasun osoz» negoziatu daitekeela. Elkoro industria eta eraikuntza sektoreetako arduraduna da ELAn, eta Bizkaiko metalaren negoziazio mahaian parte hartu zuen. Mahai hori izan zen euskaraz egin zen lehena.
«Eragile batzuek beren aurkako inposiziotzat jotzen dute euskaraz aritzea, eta Eusko Jaurlaritzak babestu egiten ditu»
PELLO IGEREGIÂ ELAko Euskara eta negoziazio kolektiboko arduraduna
Pauso bat harago egiteko eskatu diote Jaurlaritzari. Lakuak eskaintzen duen aldibereko itzulpen zerbitzua, publikoa izan arren, ordainpekoa izatea gaitzetsi dute, eta hura erabiltzeko doako zerbitzu publiko bat sortzea galdegin diote. «Itzulpen zerbitzu publiko bat egotea ezinbestekoa da. Horrek herri erakundeei eta bestelako mugimenduei aukera emango lieke bilerak euskaraz egin ahal izateko», adierazi du Igeregik.
Euskaraz negoziatu ahal izateko aukera ez dute soilik Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara mugatu nahi. Gaur jakinarazi dutenez, ELAren helburua da aukera hori Nafarroara ere hedatzea. Horiek hala, datorren asteazkenean, irailaren 23an, LABekin, CCOOrekin, UGTrekin eta CEN patronalarekin bilduko dira, bide hori nola jorratu aztertzeko. Igeregik esan du elkarrizketa horretatik Nafarroako Gobernuari helarazteko eskaera bat lortzea dutela xede. «Nafarroan zailagoa da, sindikatuen eta patronalen artekoak baitira bilerak, eta ez dago Lan Harremanen Kontseiluaren moduko organo bat. Horregatik, ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuaren lankidetza».
Eraso euskarafoboak
ELAk, orokorrean, begi onez ikusten du beste eragileek euskaraz negoziatzearen inguruan izan duten jarrera. Hala ere, azpimarratu dute eraso euskarafoboak ere izan direla. Jakinarazi dute batez ere aurreneko negoziazioetan —Bizkaiko metala— eta gasolindegietako langileen lan hitzarmenari buruzkoetan gertatu direla. Hasteko, LHKren aurka egin dute. «Ez zuten baliabiderik jarri euskaraz egiteko, aurretik hizkuntza horretan negoziatuko genuela jakin arren. Euskaraz egiteko eskubidea dugula esatea eta gero hura erabiltzeko oztopoak jartzea ez da herritarren eskubideak errespetatzea», nabarmendu du Elkorok.
«Euskaraz egiteko eskubidea dugula esatea eta gero hura erabiltzeko oztopoak jartzea ez da herritarren eskubideak errespetatzea»
ARRATE ELKOROÂ ELAko industria eta eraikuntza arduraduna
Are gehiago, eskubide linguistikoei dagokienez, «besteen erabakiei itxaron gabe» jardun behar dela aldarrikatu du: «Eskubideak ez dira bere horretan efektibo egiten».Â
Bestalde, salatu dute zenbait sindikatuk eta patronalek jarrera euskarafoboak izan dituztela: «Batzuek nahiago izan dute gure itzulpen zerbitzua ez erabili eta guk esaten genuena ulertu gabe geratu. Eragile batzuek euren aurkako inposiziotzat jotzen dute euskaraz aritzea, eta Eusko Jaurlaritzak babestu egiten ditu», esan du Igeregik.
Euskara lanorduetan ikasteko aukera arautzea nahi du Ela-k
Euskarak lan munduan are presentzia nabariagoa izan dezan, ELAk dei egin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari modua eman dezaten hizkuntza lanorduetan ikasteko. Sindikatuak adierazi duenez, langileek euskara ikasteko duten oztopoa ez da soilik ekonomikoa, bazik eta baita denbora falta dutela ere. Horiek horrela, patronalen eta sindikatuen arteko akordio bat erdiestea eskatu dute, zeinak ahalbidetuko duen euskara lanorduetan ikastea. Horretarako, erakunde publikoek aurre egin beharko diete horrek eragin ditzakeen gastuei, ELAren proposamenaren arabera.