Estellerriaren eta Muru Artederretaren arteko goi tentsioko linea eraikitzen hasi dira

Oteitzako azpiestazio berriaren lehen harria jarri dute. Estellerriko industriaren argindar beharrak betetzen lagunduko du proiektuak.

Oteitzan azpiestazio elektriko bat eraikitzeko lanen hasiera. JESUS DIGES / EFE
Oteitzan azpiestazio elektriko bat eraikitzeko lanen hasiera. JESUS DIGES / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 6a
13:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agintari andana bildu da gaur goizean Oteitzan (Nafarroa), Estellerria eta Muru Artederreta lotuko dituen goi tentsioko argindar linearen eraikuntzari hasiera emateko. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak nabarmendu duenez, linea horrekin Estellerriko industriek jasaten duten argindar eskasia konpondu nahi dute, eta «elektrointentsitate handiko industria proiektu berriak erakarri». 

Linea 30 kilometro luze izango da, 220 kilowattekoa izango da, eta Muru Artederretako azpiestazioa lotuko du Oteitzan eraiki behar dutenarekin. Funtsean, Ebroko arroan parke eolikoek eta Castejongo ziklo konbinatuko zentralek sortutako argindarra Estelerrian banatzea izango du helburu.

Hari esker, «Estellerriaren defizit energetiko historikoa» konponduko dela espero du Carlos Rosek, Laseme Lizarrako merindadeko enpresen elkarteko buruak. Gainera, «etorkizunerako aukera bikaina da eskualdea berrindustrializatzeko». Bide horretatik, Txibitek ziurtatu du sare elektriko indartsuak derrigorrezkoak direla industria deskarbonizatzeko.

Iraganean, Castejon eta Gasteiz Muru Artederretatik eta Estellerritik lortzeko proiektu bat izan zen, eta eztabaida handiak sortu zituen, gurutzatu behar zituen herrietan ingurumenari kalte egingo ziola eta. Proiektu hori alboratu du sare elektrikoaren kudeatzaileak, Red Electricak, baina oraindik badauka proiektu bat esku artean Nafarroako eta beste euskal lurraldeko sareak elkartzeko. Red Electricak ziurtatu du «prozesu ireki eta parte hartzaile baten bitartez» erabaki dutela linearen bidea, eta ahalik eta kalte sozial eta ekologikorik txikiena egiten saiatu direla.

SARE ELEKTRIKOA
Oteitzan azpiestazio elektriko bat eraikitzeko lanen hasiera. JESUS DIGES / EFE

Nafarroako sarea Frantziakoarekin Landetan lotzeko proiektu zahar bat ere badago, baina duela urtebete baztertuta jarrai zezala erabaki zuen Espainiako Gobernuak. Hasi berri dira, ordea, Bizkaiko golkoaren azpitik Frantziako eta Espainiako sareak Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) lotzeko lanak, eta Red Electricaren helburua da hura ere Nafarroarekin lotzea. 

Potentzia handitzea

Hego Euskal Herri osoko argindar sarea lepo dagoela erakutsi du Iberdrolaren azken txostenak, eta horrek zailtasun handiak eragiten dizkie gaur egungo industriei ez ezik proiektu berriei ere. Espainiako Gobernuak 13.590 milioi euroren inbertsioak iragarri ditu haren kapazitatea handitzeko, eta haren banaketa negoziatzen ari da orain autonomia erkidegoarekin.

Eusko Jaurlaritza gustura azaldu da, 6.000 megawatteko potentzia gehigarria eskatu zuelako eta 4.800 megawatt lortu dituelako. Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilaria, ordea, «kezkatuta» itzuli zen Madrildik, eskatutakoaren oso azpitik zegoelako lortutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.