Berri on bat eta txar bat jaso dituzte hurrengo hilabeteetan hipotekak eguneratu behar dituztenek. Ez dira gustura izango, aurrerantzean azken urtean baino interes handiagoa ordaindu beharko dutelako, baina haien kezka pixka bat arinduko du jakiteak garestitzeak goia jo duela, oraingoz. Izan ere, Iranen aurkako erasoak Euriborrari emandako bultzadak indarra galdu du, eta azken bi asteetan apaldu ere egin da. Arrazoia zera da: aurretik ziurtzat jotzen zen interes tasa ofizialen igoera jarraitua auzitan dagoela orain.
Batez besteko Euriborra da hipoteken eta tasa aldakorreko beste mailegu batzuen interesak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea, eta igo egin da azken hilean: %2,747an geratu zen apirilean, eta %2,804ra heldu da maiatzean. Horrek esan nahi du datu horrekin maileguen zenbatekoa eguneratu behar dutenek gehiago ordaindu beharko dutela, iazko maiatzean %2,081ean baitzegoen eta duela urte erdi %2,2an. Euriborrari lotutako mailegu gehienak urtean behin eguneratzen dira, baina batzuk urtean bi aldiz.
Zenbat gehiago ordaindu behar dute? Maileguan ordaintzeko falta denaren eta diferentzialaren araberakoa da hori. Baina, esaterako, 150.000 euroko mailegua duenak, Euriborra gehi %1eko tasarekin, 900 euro inguru ordaindu beharko ditu hurrengo hilabeteetan, azken urtean baino 50 euro gehiago hilean.Â
Igoera ez da txikia, baina hurrengo hilabeteotan handiagoa ez izateko itxura du. Izan ere, egunero kalkulatzen da Euriborra —euroguneko banku batzuek elkarri zer interes kobratuko lioketen neurtzen du—, eta azken egunotan beheranzko joera erakutsi du. Horrela, gaur %2,761ean kokatu da, maiatzeko batezbestekotik behera (-0,043).Â
Inflazioa, egonkor
Europako Banku Zentralaren zalantzek geldiarazi dute Euriborraren igoera. Kontua da gerraren eraginez Ormuzko itsasartea itxi izanak petrolioa eta gasa garestitu dituela, eta horrek berriro goranzko bidean jarri duela inflazioa eurogunean. Baina AEBek eta Iranek hitzartutako su etenak eta bake negoziazioek muga bat jarri diote hidrokarburoen garestitzeari, eta horrek eragin du inflazioa uste baino gutxiago igo izana.

Hego Euskal Herrian, esaterako, urtarrilean %2,3 zen, eta apirilean, berriz, %3,1, eta ez dirudi maiatzean aldaketa esanguratsurik izango duenik. Izan ere, INEk gaur kaleratu du Espainian ez dela aldaketarik izan apiriletik maiatzera: %3,2an geratu da. Egonkortze horren ondorioz, astelehenetik aurrera argindarraren eta gasaren gaineko BEZa berriro %21ekoa izango da; erregaien gainekoak, ostera, %10ean jarraituko du, gutxienez ekainaren 30 arte.
Udatik aurrera
Frantziako estatistika institutuak ere gaur iragarri du maiatzean bi hamarren egin duela gora, %2,2raino.
Interes tasa ofizialarekin zer egin erabakitzeko, EBZko kontseilariek bi datu horiei erreparatuko diote, baina batez ere asteartean Eurostatek eurogune osorako kaleratuko duen lehen estimazioari. Apirileko bileran denbora gehiago eskatu zuten Irango gerrarekin eta inflazioarekin zer gertatuko zen ikusteko, baina analisten arabera usterik zabalduena zen ekainean gordailuen interes tasa %2tik %2,25era igaroko zela.
Iritzi horretakoak dira oraindik aditu gehienak, baina, aldi berean, gero eta gutxiagok esaten dute aurten beste bi edo hiru igoera izango direla. Hau da, ez dago hain garbi interes tasa ofiziala %3ra iritsiko ote den eta, hortaz, Euriborrak ez du zertan maila horretaraino igo. Gainera, analistek nabarmendu dute banku pribatuek dagoeneko gogortu dituztela maileguen baldintzak, eta, hortaz, ez dela beharrezkoa EBZk esku hartzea jarduera gehiago hozteko.Â
-%0,1Zer egin duen Frantziaren BPGak. Irango gerra eta inflazio handiagoa zama astuna dira euroguneko ekonomientzat. Euroguneko ekonomia %0,1 baizik ez zen hazi urteko lehen hiruhilekoan, eta are datu okerragoak izan dituzte Frantzian, gaur baieztatu baita %0,1 uzkurtu zela urtarriletik martxora. Â
Â
Â
Â