Eusko Jaurlaritzak iragarri du sare elektrikoaren potentzia %50 areagotuko dela

6.000 megawatt gehiago izango ditu bost urte barru. Hainbat proiekturi esker lortuko da hori: hogei azpiestazio egokitu eta beste hamar eraikita, besteak beste. Bizkaiko golkoko goi tentsioko linea berria «ezinbestekoa» izango da igoera hori gauzatzeko.

Gatikan eraikitzen ari diren azpiestazio elektrikoa. IREKIA
Gatikan eraikitzen ari diren azpiestazio elektrikoa. IREKIA
Mikel Garcia Martikorena.
Gatika
2026ko irailaren 21a
16:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erakunde publiko zein pribatuek urteak daramatzate gaitasun elektrikoa nahikoa ez dela ohartarazten. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritza negoziatzen aritu da Espainiako Gobernuarekin hori handitzeko xedez, eta, gaur, Mikel Jauregi Industria sailburuak iragarri du EAEko sare elektrikoaren potentzia %50 handituko dela.

Iaz datu bat eman zuen Jauregik: 4.800 megawatt. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sarearen potentzia %40 areagotzea hitzartu zuen Espainiako Gobernuarekin. Kopuru hori «urrats handitzat» jo zuen arren, sailburuak adierazi zuen ez zela nahikoa, eta hura handitzeko ahalegin gehiago egingo zutela jakinarazi. Eta helburua lortu du. Behin-behinean adostu zuten %40ko igoera hori abiapuntu hartuta, Madrilek %50eko igoera onartzeko konpromisoa hartu du.

Gauzak horrela, 6.000 megawatt gehiago izango ditu EAEko elektrizitate sareak bost urte barru. Kopuru horretara heltzeko bidea azaldu du gaur Jauregik, Espainiako Energiaren Estatu idazkari Joan Groizardekin batera, Gatikan (Bizkaia). «Euskadin dauden azpiestazio gehienetan egingo ditugu ekintzak», azaldu du sailburuak. Hogei azpiestazio elektriko moldatuko dituzte lortu nahi duten potentzia hori izan ahal izateko, eta, gainera, beste hamar azpiestazio eraikiko dituzte hiru lurraldeetan.

Groizard eta Jauregi, gaur, Gatikan. LUIS TEJIDO / EFE
Groizard eta Jauregi, gaur, Gatikan. LUIS TEJIDO / EFE

Eta azpiestazio berri horietako bat da Gatikakoa, zeinak «garrantzi berezia» izango duen, Industria sailburuaren aburuz. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, Bizkaiko udalerri horretan eraikitzen ari diren azpiestazioak Espainiako eta Frantziako sare elektrikoak lotuko ditu. Eta, horrenbestez, ia orain halako bi izango da Frantziaren eta Iberiar penintsularen arteko argindar trukerako ahalmena.

%70 egina

Mugarriaren berri Gatikan ematea ez da zorizko erabaki bat izan. Izan ere, Espainiako Red Electrica eramaten duen Redeia enpresako kontseilari ordezkari Roberto Garciak jakinarazi du Gatika eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) lotuko dituen goi tentsioko linearen lan nagusiak «bide onetik» doazela. Bizkaiko golkotik joango den goi tentsioko linearen aurreneko 65 kilometroak eginak dituzte jada, eta «datozen asteetan» beste hainbeste kable jarriko dutela iragarri du.

Horiek horrela, obra guztien %70 amaitu dituztela adierazi du Garciak. Hortaz, 2028 hasierarako martxan egotea aurreikusten dute; proiektua hasieran 2025ean amaitzeko planteatu zuten arren. Aldaketak ez dira soilik denboretan izan. Hasieran adierazi zuten proiektuaren kostua 1.750 milioi eurokoa izango zela; bada, gaur Garciak esan du 3.100 milioi euro ingurura gerturatuko dela. Horrek, baina, ez du larritzen Redeiako kontseilari ordezkaria: «Proiektuak egiten ditugunean, kostuak eta irabaziak aztertzen ditugu. Proiektu honek mesede handia egingo dio Espainiako sare elektrikoari».

«Sistema indartsuago bat izateak lehiakorrago egingo gaitu. Eta mugaren bi aldeetan nabarituko da hori, energiaren faktura merkatuko baita»

JOAN GROIZARD Espainiako Energiaren Estatu idazkaria

Espainiako Red Electricak eta Frantziako RTE sare elektrikoaren operadoreak bultzatu dute egitasmoa, Inelfe sozietatearen bidez. Haien arabera, gaur egungo 2.800 megawatteko lotura 5.000 megawatteraino handituko da. Helburua da bi sare elektrikoen arteko trukea erraztea, eta Europako Batasunak sustatzen duen estatuen arteko interkonexioa indartzea.

Baina zer rol du sare horretan Gatikako estazioak? Azpiestazio energetikoa den heinean, elektrizitatea korronte zuzenetik korronte alternora pasatu dezake. Hau da, puntu batetik bestera garraiatzen den energia —korronte zuzena— hartu eta igorri ahalko du, eta erabiltzekoa den energia —korronte alternoa— sortu edo sobran dagoena aldarazi ahalko du. Eta hori Frantziako eta Espainiako sareen artean egin ahal izatea «mugarri historikoa da», Groizarden iritziz. «Sistema indartsuago bat izateak lehiakorrago egingo gaitu. Eta mugaren bi aldeetan nabarituko da hori, energiaren faktura merkatuko baita», azpimarratu du Espainiako Estatu idazkariak.

(ID_17495460542955) (/EZEZAGUNA) Gatika 09-06-2025 Obras de zanja de Biscay Gulf Project
Argindar interkonexiorako kablea jartzen, Gatikan. RED ELECTRICA

kablearen aurkako protesta

Frantziako sareko argindarra eta Iberiar penintsulakoa elkartuko diren eraikinean egin dute prentsaurrekoa; kanpoan, ordea, mezuak ez ziren hain positiboak. Herritar talde bat bildu da azpiestazioaren aurka protesta egiteko. Eta ez da lehen aldia izan. Proiektua hasi zenetik —2024tik— herritar sare batek lanetan bentonita erabiltzen ari direla salatu izan du, eta Butroe errekara isuri dutela. Eta hala zela baieztatu zen. Horiek horrela, iazko udatik aurtengo otsailera arte interkonexio elektrikoaren obrak eten zituzten. 

Redeiako kontseilari ordezkariak nabarmendu du «azkar zokoratuz gero eragin negatiborik ez» dutela. Hori dela eta, eta Uraren Agentziarekin lan egin ostean, isuriak aurreikusteko eta kalterik ez eragiteko neurriak hartu dituztela esan du. Herritarren pankartek, ordea, oso bestelako iritzia adierazten zuten. Horrela, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak salatzen jarraituko dutela azpimarratu dute protestariek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA