Tubos Reunidos (TR) fase berri batean sartu da, eta ez dirudi laster tentsioak behera egingo duenik. Zorrak itota, zuzendaritzak borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu du talde osoa, eta horrek are gehiago katramilatu du aurretik ere oso konplexua zen egoera. Enpresako buruak langileen ordezkariekin bilduko dira bihar, 10:30ean Amurrion (Araba) eta 16:30ean Trapagaranen (Bizkaia), konkurtsora joateko erabakiaren xehetasunak emateko. Azalpenak entzun ondoren, zer egin erabakiko dute langileek. Amurrion, esaterako, ikusteko dago ea gaur egun indarrean den greba mugagabeari eutsiko dioten ala ez.
Bi egun bero datoz Amurrioko lantegian, beraz. Batetik, bilera hori egingo dute bihar, eta etzi, ustez grebari buruz hitz egiteko bilera batera eta bozketa batera deituta daude. Biharkoaren inguruan, batzordeak aurreratu du galderak egingo dituztela: «Zer gertatzen da zorraren birfinantzaketarekin? Zer elkarrizketa daude balizko inbertitzaileekin? Zer rol jokatzen dute hartzekodunek? Zein da agertoki berria?». Langile batzordearen gehiengoak (ELA, LAB eta ESK) Tubos Reunidosek Bilbon duen bulegoaren aurrean eginiko agerraldi batean eman ditu argibideak.
«Ez da kanpoko inbertitzailerik behar, barrukoekin aski da. 170 milioi euro banatu zituzten bere garaian, eta zorra handitu zuten. Orain jar dezatela haiek dirua»
OIER BIDAURRATZAGA Amurrioko lantegiko langile batzordeko kidea
Eta batez ere, zer gertatuko da lan erregulazioarekin? Enpresak bere garaian egin nahi zituen kaleratzeak bertan behera gelditu dira, eta, batzordearen ustez, hartzekodunen konkurtsoan sartu izanak argi uzten du ez zeukala haren kostuei aurre egiteko dirurik —oso ondo ordainduriko kaleratzeak eskaini zituen—. Hain zuzen, kaudimengabezia izan da —263 milioi euroko zorra du— TRk konkurtsoan sartzeko erabili duen argudioa. «Honek erakusten du gezur asko esan dituztela. Konbentzitu egin beharko gaituzte».
Horrek, baina, ez du esan nahi kaleratzerik egongo ez denik. Orain epaile batek erabakiko duen kanpo kudeatzaile baten esku geldituko da enpresa, eta baliteke hark beste enplegu erregulazio bat aplikatzea; «agian zorrotzagoa», argitu dute. Luze gabe behintzat ez dute uste likidazio prozesurik abiatuko duenik edo antzeko neurririk hartuko duenik.
Erlazionatuta
Batzordeak jakin duenez, baliteke zenbait inbertitzaile egotea, eta hainbat bilera egin dituzte erakunde publikoekin. Hori bai, kanpokoak bilatzen ibili beharrean gaur egun daudenei ahalegina eskatu behar zaiela uste dute: «Akziodunei diru gehiago jar dezatela eskatu behar zaie», adierazi du Oier Bidaurratzaga (LAB) Amurrioko batzordeko kideak. «Bere garaian 170 milioi euro banatu zituzten beren artean, eta zorra handitu zuten. Orain jar dezatela diru gehiago».
Enpresaren hartzekodun handiena SEPI Espainiako Industria Ministerioaren menpeko erakundea da, eta bigarrena, BBVA bankua. Azken horri zuzendu zaizkio langileak, bankua akziodun ere badelako: «Zorraren 50 milioi inguru harekin da, baina orain arte administrazio kontseiluan egon da, finantza operazioak bultzatzen. Dibidenduen eta interesen dirua jaso du urteetan, eta orain diru publikoak zorra estal dezala nahi dute. BBVAk diru gehiago jarri behar du, horixe egin behar du».
Bileraren atzean, zuzendaritza
Asteko bigarren hitzordu beroa etzi izango da, Amurrion. 235 langilek (900 inguru dira lantegian) behargin guztien bilera bat eskatu dute etziko. Bertan greba mugagabearekin aurrera jarraitu ala ez bozkatzea erabakiko dute. Eskaria lan ikuskaritzara bidali dute, piketeak lantokira sartzea eragozten ari direla argudiatuz, eta sinatzaileen konfidentzialtasuna eskatu dute. Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak ikuskaritzaren bertsioa berretsi du, eta deialdia legez deituta dagoela adierazi.
Nola daude osatuta batzordeak?
Tubos Reunidosek bi lantegi ditu, bat Amurrion eta bestea Trapagaranen. Zuzendaritza bietako langile batzordeekin bilduko da bihar. Amurriokoan hau da indar osaketa: ELAk zortzi ordezkari, UGTk bost, LABek lau, ESK-k bi eta CCOOk bi. Trapagaranen, aldiz, ELAk sei ditu, CCOOk hiru, UGTk bi, ESK bat eta LABek bat. Osaketa horrek, baina, ez du eragin errealik. ELAko ordezkariek lan erregulazioaren alde bozkatu zuten, eta orduz geroztik sindikatuak ez ditu kide gisa onartzen —LSB-USOn sartu dira—. Erregulazioa bozkatzeko lan batzorde bateratua osatu zuten bi zentroen artean: ELAk bost ordezkari ditu, UGTk hiru, LABek eta CCOOk bina eta ESK-k bat.
Langile batzordearen gehiengoak argitu duenez, ez dira bilera horretara joango, eta piketean emango dute eguna. Amurrioko batzordeak 21 kide ditu, eta hamabost dira ELA (zortzi), LAB (bost) eta ESKrenak (bi). Argudiatu dute ez dutela sinadura zerrenda jaso, ez zekitela zerrenda hori existitzen zenik ere, eta bilera batera horrela deitzea «aurrekari arriskutsua» litzatekeela.
Halaber, zehaztu dute deialdiaren atzean dauden hiru langileren izenen berri dutela bakarrik, eta hirurak atal jakin batzuetako buruak direla. «Karguak dira. Aginte postuak dira. Zuzendaritzakoak. Pentsa, bere garaian lan erregularizazioaren xehetasunak eman zituzten enpresan». UGTk, aldiz, bileran parte hartzera deitu ditu langileak, eta bere jarrera zein izango den aurreratu du: «Greba mugagabea ez da bide egokia, eta elkarrizketarako eta partaidetzarako guneak ezartzeko beharra azpimarratzen dugu».
Mezu eta iritzi bidegurutze horretan, batzordeak gehitu du bilera batek ezin duela greba bat bertan behera utzi, deitu dutenek bakarrik egin dezaketela hori, eta Amurrion langile batzordearen gehiengoak deitu zuela grebara. Era berean, gaineratu dute greba egitea erabaki pertsonala dela, eta orain arte ez direla bete grebarekin lortu nahi ziren helburuak: kaleratzeak eragoztea, altzairutegia ez ixtea eta logistika lanak ez kanporatzea.