Espainiako Gobernuak behetik jo du SMI gutxieneko soldata eguneratzean. %3,1eko igoera proposatu du 2026. urterako, gobernuak berak deitutako adituen batzorde batek aholkatutako kopururik txikiena.Â
Lan Ministerioaren proposamenak aurrera egingo balu, gutxieneko soldata 1.221 eurorena izango litzateke, hamalau ordainsaritan banatuta. Hau da, gaur egun baino 37 euro handiagoa.Â
Joaquin Perez Rey Lan Estatu idazkariak bilera egin du gaur CCOO eta UGT sindikatuekin eta patronalarekin SMIaren eguneratzeari buruz hitz egiteko, eta bilera horretan egin du proposamena. Argudiatu duenez, %3,1eko igoera hautatzearen arrazoia zera da: horrela SMIa irabazten dutenek errenta zerga ordaintzetik salbuetsita jarraituko dutela. Hori nahi zuen Lan Ministerioak (Sumarren esku), baina ez, ordea, Ogasun Ministerioak (PSOEren esku). Bi ministerioen artean akordioa izan dela nabarmendu du Perez Reyk.
Hego Euskal Herrian, ordea, egoera bestelakoa da. Azken zerga erreformaren ondorioz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute errenta zergarik ordaintzen urtean 20.000 eurotik behera irabazten dutenek, eta hortaz, ez zien eragingo adituek proposatzen zuten beste igoera —%4,7, baina zerga ordainduz—. Nafarroan, berriz, abenduaren amaieran onartutako azken aldaketak 14.000 eurotik 17.000ra igo zuen PFEZ ordaintzetik salbuetsitako errenta; SMI berriarekin, euro gutxi batzuengatik gaindituko litzateke muga hori (17.094).Â
Espainiako Gobernuak badauka eskumena gutxieneko soldata bere kabuz ezartzeko, baina azken urteetan kopurua gizarte eragileekin negoziatzen saiatu da. Babesik ez du lortu izan CEOE patronalaren aldetik, eta ez dirudi aurten ere lortuko duenik, enpresaburuen elkarteak uste baitu dagoeneko puztuta dagoela. Aurten %1,5eko igoera proposatu du, inflazioaren erdia, gutxi gorabehera. CCOOk eta UGTk, berriz, %7,5 handitzea proposatu dute.
Soldata propioaren borroka
Madrilek proposatutako igoera aplikatuta, Espainiako batez besteko soldataren %60tik gora jarraituko luke SMIak, hori baita nazioarteko erakundeek aholkatzen dutena. Baina Hego Euskal Herrian handiagoa da batez besteko soldata, oro har prezioak Espainian baino handiagoak baitira. Horregatik, bertako sindikatu abertzaleek gutxieneko soldata propio bat aldarrikatu dute, eta kopuru bat ere aipatu dute: 1.500 euro, hamalau ordainsaritan banatuta.
Legez gutxieneko soldata propioa eskatzen zuen herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean ELAk, LABek, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek, baina parlamentariek atzera bota zuten, EAJren eta PSE-EEren botoekin. Bi alderdi horiek eta Jaurlaritzak argudiatu dute legez ezinezkoa dela gutxieneko soldata propio bat ezartzea, eta proposatu dute lan itunen bitartez gutxieneko kopuru bat negoziatzea. EAEko patronal Confebaskek ere esan du negoziazio kolektiboa dela hori eztabaidatzeko lekua.
Nafarroan ere eztabaidari atea itxi diote gobernuak, CEN patronalak eta, kasu horretan, baita UGTk eta CCOOk ere. Edonola ere, han ere herri ekinaldi legegile bat aurkeztu dute.
Gobernuaren eta patronalaren erantzuna ikusita, sindikatu abertzaleek SMI propio baten aldeko greba orokor batera deitu dute, martxoaren 17rako.Â