Salneurriak, batik bat elikagaienak, gorantz ari dira, baina inflazioak ez dio kalterik eragin Eroskiri. Prezioen igoerak ez du kontsumoa apaldu denik islatu bederen. Eroskik, lehen seihilekoan, 3.061 milioi euroren salmentak izan ditu, iaz epe berean baino %4 gehiago. Emaitzei dagokienez, 65 milioi euro irabazi ditu, iragan urtean baino hamar milioi gehiago.
Haren zerga urtea otsailaren 1ean hasten da, eta uztailaren 31n itxi zituen lehen sei hilabeteetako kontuak. Eroskik iaz bere zorra berregituratu zuen, eta, orain prentsa ohar bidez nabarmendu duenez, finantza egoera onean dago taldea. Haren EBITDA halako bi da zorpetze ratioa, eta horrek esan nahi du bi urte beharko lituzkeela negozio arrunteko diruarekin zorra kitatzeko.
Marka propioaren eta fidelizazio programaren aldeko apustuak isla izan du emaitzetan. Elikagai salmenten %36 bere markako produktuenak dira, eta fidelizazio programako bezeroei esker salmenten %69,7 fakturatu ditu.