Eusko Jaurlaritzak beste ahalegin bat egingo du bihar, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia ixteko. Langabeziari lotutako atalak eskuratu nahi ditu, uztailean egindako aldebiko bileran Espainiako Gobernuak akordiotik kanpo utzi zituenak. Horien artean daude langabezian egoteagatik jasotzen den saria, eta langabezia bukatzen denean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen den diru laguntza. Â
Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak esan du adostasuna lortzeko itxaropenez doala Madrilera. Joaquin Perezekin bilduko da han, Espainiako Laneko Estatu idazkari eta Yolanda Diaz Lan ministroaren ondokoarekin. Sailburuak ohartarazi du ez duela «kristalezko bolarik» akordiorik egongo den edo ez jakiteko, baina adierazi du hori dela Jaurlaritzaren nahia: «Gu esperantza horrekin goaz. Hala ere, esperantza horrekin joan ginen uztailean ere, eta ez zen bete».
Langabezia saria akordiotik kanpo utzi izana ika-mika politiko baten iturri bilakatu zen. Hala jeltzaleek nola sozialistek Sumar egin zuten horren erantzule, eta, horren harira, Imanol Pradales lehendakariak Pedro Sanchezi bere gobernuan «ordena» jartzeko eskatu zion. Sumarrek ukatu egin zuen eskualdaketa oztopatu nahi zuela, baina gaia konplexua eta teknikoki zaila zela argudiatu zuen.
Ikusi gehiago
Ubarretxenak berretsi du eskualdatzea egingarria dela, eta espero duela Madrilek hitza beteko duela. «Denbora eskatu ziguten, sukalde lana egin ahal izateko, baita Sumarren barruan ere. Lan hori egiteko bezainbeste denbora izan dutela espero dugu, eta bihar akordioa lortuko dugula».
Erabakiak badu garrantzia, eta badu mamia; izan ere, eskumen hori inoiz ez du kudeatu Espainiako Gobernua ez den beste erakunde batek. Langabezia saria bere gain hartuko balu, Jaurlaritzak 800 bat milioi euro kudeatuko lituzke horretarako. Lanbideren bitartez egingo lukete hori, nahiz eta faktura Espainiak ordainduko lukeen.
Madrilek behin eta berriz esan baitu ez dutela kutxa bakarra delakoa hautsiko. Jaurlaritzaren esku geratuko lirateke, halaber, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden SEPEren bulegoak eta horietan aritzen diren langileak.