Nafarroako ekonomia moteltzen ari dela berretsi da bigarren hiruhilekoan

Arasti kontseilariaren arabera, oraindik goiz da AEBetako muga zergek ekonomian izan dezaketen eragin zuzena eta zeharkakoa neurtzeko. Lanpostuak %1,6 handitu dira urtebetean, eta langabe kopurua 2008ko ekainetik erregistratutako apalena da.

Alloko Essity lantokian, langile bat lanean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Alloko Essity lantokian, langile bat lanean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko uztailaren 29a
14:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Apurka, Nafarroako ekonomia erritmoa galtzen ari da. Hazten ari da oraindik, baina gero eta motelago. Aurretik zetorren joera hori baieztatu egin da bigarren hiruhilekoan. Industriaren eta nazioarteko merkataritza tentsioen ondorioz, Nafarroako jarduera ekonomikoa %0,4 handitu da lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Ekain amaieran, Nastatek bigarren hiruhilekorako %0,5eko hazkundea iragarri zuen, baina orain datua zuzendu egin du; beherantz.

Gaur eguerdian datu horiek aurkeztu ditu Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, Nafarroako Jauregian. Moteltzea urte arteko tasan ere islatzen da. Iragan urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, %2,2 handitu da BPG barne produktu gordina; iazko azken hiruhilekoan, berriz, %3,1eko erritmoan hazten ari zen. Aurreko astean, Eustatek joera bera berretsi zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ezinbestean, nazioarteko merkataritza tentsioei erreparatu die Arestik. Donald Trump Etxe Zurira ailegatu izanak eta hilabeteotan muga zergen harira piztu duen gatazkak ziurgabetasun handia eragin die enpresei. Jarduera moteltzen ari bada ere, Nafarroako ekonomia «sasoi onean» dagoela uste du Arastik, %2tik gora hazten ari baita. Alderantziz, Alemaniako, Italiako eta Frantziako ekonomiak %1 azpitik handitzen ari dira.

Igande honetan, AEBek eta Europako Batasunak akordioa lortu badute ere, egoera zaila dela sumatzen du Arastik. «Testuingurua oso konplikatua da, eta zalantzak gehiago dira ziurtasunak baino», nabarmendu du. Akordioak izan dezakeen eragina neurtzeko goiz dela uste du: «Akordioa xehetasun handiagoz aztertu behar dugu».

Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendariak kalkulatu du litekeena dela muga zergen ondorioz BPGa %0,12 eta %0,17 artean murriztea, eta hori euroaren eta dolarraren trukearen bilakaera aintzat hartu gabe. Eragin zuzen horren estimazioa egiterakoan, baina, zuhur jokatu nahi izan du Arastik. «Uste dut hori neurtzeko goiz dela oraindik ere. Horretan ari gara». Gaineratu du zeharka ere ondorioak izango dituela, Europako beste herrialdeei ere eragingo dielako. Hala, urte amaierako aurreikuspenik ez du egin nahi izan. Irailean landuko dute urteko koadro makroekonomikoa, 2026ko aurrekontuak lantzeko oinarria.

Kontsumo pribatua, sendo

Kontsumo pribatuak sostengatzen du jarduera ekonomikoa, hein handi batean. Sendien kontsumoa irmo dagoen seinale, txikizkako merkataritza %2,7 handitu da urtebetean. Inbertsioari dagokionez, seinale kontrajarriak islatu ditu: eraikuntzan sendo —eta horren erakusgarri da etxebizitzen salmentak %18 handitu izana—; industrian, aldiz, ahul. Nazioarteko merkataritza gatazkaren eraginez, ekipo ondasunen inbertsioak %23 amildu dira urtebetean.

Oro har, industriak indarra galdu du, kanpoko eskaria apaldu egin delako. Maiatzean, industria produkzioa %0,5 handitu zen iragan urteko maiatzeko datuarekin alderatuta; epe berean, industriako enpresen negozio datua %4 apaldu zen. Batik bat, atzerrian saltzen duten enpresei eragin die egoerak. Horren erakusgarri, %9,4 jaitsi ziren esportazioak bigarren hiruhilekoan, iazko datuekin alderatuta.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako ekonomiak lanpostuak sortzen segitzen du. %2,2ko hazkunde erritmoa gai da lan gehiago eratzeko. Hala, Gizarte Segurantzan izen eman duten langile kopurua %1,6 handitu da urte batean, eta 28.200 lagun daude lanik gabe; 2008ko ekainetik izandako daturik apalena da. Langabezia tasa, berriz, %7,9koa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.