Nafarroako industria ez dabil bere onenean, eta haren pattalaldia ekonomia osoari eragiten ari zaio. Urteko bigarren hiruhilekoan, %0,4 hazi zen barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago. Eta gauza bera gertatu da urte arteko tasarekin, %2,1etik %2ra apaldu baita hazkunde tasa. Enpleguan ere antzeman da moteltzea, nahiz eta oraindik datua positiboa den (+%0,9).
Nastatek gaur eman dituen datuek kontraste handia egiten dute duela astebete Eustatek EAErako eman zituenekin. Haren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bultzada handia izan zuen industriak udaberriko hilabeteetan (+%0,8), eta, haren eskutik, BPGaren hazkundea %2,3 izan zen. Nafarroan, berriz, atzeraldian jarraitzen du industria sektoreak, azken bi hiruhilekoetan uzkurtu egin baita: %0,3 lehenengo hiruhilekoan, eta %0,5 bigarrenean.
Industriaren ekoizpenaren parte oso handi bat Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpora doanez, esportazioen datuei ere erreparatzea komeni da, eta horietan ere ikusten da aldea badagoela bi eremu administratiboen artean. EAEn, asko ugaritu ziren uztailean (+%11,5), eta, horri esker, urte osoko datuak positiboak dira azkenean (+%2,2); Nafarroan, berriz, negatiboak dira oraindik ere (-%3,6), egia bada ere uztailean handitu egin direla (+%2,5).
Pentsatzekoa da urtearen bigarren erdian esportazioak handitu egingo direla Nafarroan, lurraldeko enpresa nagusiak, Landabengo Volkswagenek dagoeneko egokitu duelako fabrika auto elektrikoen ekoizpenerako eta produkzio horren zatirik handiena Europa erdialdera eta iparraldera joango delako. Ekainean ekin zion Skoda Epiq auto elektrikoa ekoizteari, eta joan den astean aurkeztu zuten ofizialki VW ID Cross berria Landabenen.
Kontsumoaren indarra
Industriaren ekarpen eskasa zerbitzuen indarrarekin konpentsatu du Nafarroako ekonomiak. Sektore horrek %3ko hazkunde erritmoari eusten dio, inflazio handiak oraindik ez diolako koskarik egin kontsumoari. Horrela, eskariari erreparatuz, familien kontsumoa %3,3 handitu da azken bi hiruhilekoetan, eta %2,6 hazi da gastu publikoa.
Inbertsioa, ordea, ahul dabil. Azken urtean %0,1 handitu dela dio Nastatek, baina eraikuntzan egindako inbertsioaren ondorio da hori (+%1,9), ekipo ondasunetan —makinetan— egindakoa %1,4 apaldu baita.
Urtearen bigarren erdian hazkundea pixka bat gehiago motelduko delakoan dago Nafarroako Gobernua. Horrela, urte osoan BPGa %1,8 handituko dela aurreikusi du.
Soldatak enpresen etekinen gainetik hazten ari dira
Barne produktu gordinari buruzko datuen artean, errenten eta enpresen etekinen bilakaeraren berri ere ematen du Nastatek. Horietan ikusten da 2021ean, 2022an eta 2023an, oro har, ustiakuntzaren soberakin gordina —enpresen eta autonomoen irabaziak— soldatapekoen errentaren gainetik hazi zirela, eta alde handiz 2022an. Baina, orduz gero, joera aldatu egin da, eta, tarte txikiagoarekin bada ere, langileen errentak gehiago hazi dira enpresen irabaziak baino. Baina tarte hori bera txikitzen ari dela diote Nastaten azken datuek: 2026ko bigarren hiruhilekoan, soldatapekoen errentak %4,7 handiagoak izan ziren duela urtebetekoak baino, eta %4,2, berriz, enpresen etekinak.